Bideak eta bidezidorrak
Ez dut sen iraultzailerik, eta ez dut ideal handirik. Mundura ez nintzen heroi izateko jaio —edo: munduak ez nau heroi-gai egin—. Eginahalak eginda ere, iruditzen zait geurekin eramaten ditugula beti kontraesanak, zulo bat tapatzen hasi orduko geratzen zaigula agerian beste bat. Dena dela, horrek ez nau erabateko konformismora eramaten: ez dut uste ezer egin gabe elkarri begira geratu behar dugunik. Gure kontraesanen kontzientzia hartuta baina hara eta hona bideak urratzen ahalegindu behar dugula iruditzen zait.
Larunbatean Alternatiben Oihartzuna da ospatzekoa herrian. Elikaduran, hezkuntzan, kulturan, zaintzan eta beste zenbait arlotan herrian egiten ari diren bideei emango zaie presentzia, eta bestelako bizimodu bat posible dela ikusaraziko diogu geure buruari. Ez dira gutxi martxan diren ekimenak; ibilbide luzeagoa dutenak batzuk, berriagoak beste batzuk: elikadurari lotuta, Elika, Labore, Arraztalo eta Zituene; hezkuntzaren arloan, Oinherri; zaintzari begira, Zaintzadi; Energia Komunitateak; herriko sortzaileak, ekoizleak, artistak eta Kulturaz Bete Arte kultur dinamika, besteak beste.
Kulturari begira jarri nahi nuke beste behin ere. Bestelako munduak irudikatze horretan uste dut eginkizun esanguratsua duela kulturak, arteak. Entretenimendu hutsetik harago, kulturak badu gaitasun terapeutikoa —geure buruari begiratzekoa, eta geure eta besteen minak ikustekoa eta ulertzekoa—, eta kulturak badu mundu hobeak irudikatzeko eta iradokitzeko gaitasuna ere. Beharrezkoa.
Aurtengo Hitzen Lihoak, adibidez, berrirakurketari edo berrinterpretazioari jarriko dio arreta. Ezer ez baita hutsetik sortzen, azaroaren 2tik 6ra egingo diren ekintzen bidez agerian jarriko du aurretik sortuta dagoen artelan edo oinarri batetik sortzen dugula, jaso dugunak eramaten gaituela sortzera, iragana dela, modu batera zein bestera, sormenerako lehengaia. Hala, Ehun dukat antzezlanetik sortu liteke obra berri bat, baserria oinarri hartuta egin liteke esku-hartze artistiko bat, literatur lan bat izan liteke bertsotarako gai. Beste norbaitek beste noizbait sortu izana dela, alegia, sormenerako lehen baldintza; iraganetik sortzen ditugula oraina eta etorkizuna.
Eta Hitzen Lihoaren proposamen horrek uste dut bete-betean bat egiten duela bizimodu hobe baterako alternatibak diseinatzeko helburuarekin. Askotan lagungarri izaten baita atzera begiratzea; askotan aurrera egiteko modua izaten baita lehengora bueltatzea. Ez, noski, egindakoa bere horretan errepikatzeko, baizik egindako bideari erreparatuta, berrinterpretatuta, bidezidor berriak proposatzeko. Inpultsoa hartzeko, laguntzen baitu pauso bat atzera egiteak.