Lezoko poeten harietatik
*Pepe Rei (Cenlle, 1947-Donostia, 2021) kazetaria gogoan (adin batetik gorakoak oroituko dira, agian, Lezoko poligono batean jarri zuela La voz de Euskadi egunkarirako errotatiba, Danimarkatik ekarrita, 1983an).
Lezoko poetak atzo, gaur, eta bihar. Zeorri! aldizkariaren 4. zenbakian, Jon Garbizu Salaberria Zubigar-ek XX. mendearen hasieran idatzitakoak, 22 bertso. «Oso polita agertzen da ba / beti nere erri basterra». Joxe Juan Ugalde Munttar-ek, Lurrean: «Lurrari lotuta itsasirik / darama gizakiak / urtetan pilatutako zama / zama arina edo astuna». Euskadi Irratian 30 urtean ahots fin dabilen horren alabak, Garazi Ugalde itzultzaileak, Morfologiak lanean: «Lurreko lastarian / ito ditzakezu gauez / egunez esan nahi izan / eta izan ez direnak». Patri Urkizuk, dakizuenez aita dudanak, Ostertz ilun-argiak poemarioan, bosgarrenean, Pasaia: «Pasaiako portuan / Bokaletikan sartzean / kargero haundiak dirudite sukaldean». Hogei urte beteko dira aurten Mikelazulo kultur elkarteak Beste bat apalerako lan kolektiboa argitara eman zuenetik, eta orduko hartan, Asier Sarasolak: «Gabiltzan bereziaren irrikiari jarraiki, / ezin gara geratu tokian, denboran, / egonkortasunean sinetsita, ohikoaren zain, / gabezia lekutzen zerraldo». Itzultzaile Sarasola, Garazi Ugalderen gisan. Zein gustagarri Alejandra Pizarnik eta May Ayim idazleen olerkiak euskaraz deskubritzea. Sarasolari eta Ugalderi esker. Azken horrek hala dio Korapiloak lokarrietan laneko Marraketa-n: «Madarikatuak, eskizofreniara kondenatutako gure bazterrak». Sarasolaren jarraipena, Mikelazuloko bilduman: «Goazen desorekara, zehazki, desoreka neurtura, / zeruaren bestaldeko zulo beltzetara, kontraesanetara…».
Herri mugimenduetan, euskalgintzan, euskararen aldeko askotariko egitasmoetan, elkartasunean… horietan guztietan eta gehiagotan aritu da zintzo, lagunkoi, gertuko eta trebe Joxe Luis Agirretxe Mitxelena. Ari da. Kasu gehienetan, itzalean, protagonismorik bilatu gabe. Aurten argitara eman du Maiatz argitaletxeak Heriori ebatsitako poemak, Agirretxeren lehen olerki liburua (itxaropena dut ondoko urteetan gehiago etorriko direla). Ezin izan du Baionako argitaletxeak aurkezpena egin, Lezon edo Donostian edo Lapurdiko hiriburuan. Helduko da hori ere, prefosta. Iazko maiatzean zabaldua, Maiatz aldizkariaren 70. zenbakian, spoiler txiki bat, ordea. «Gure izatearen kontzientziak / argitutako, gidatutako kliskada / da gure izatea». Heriori lapurtutako pospoloak marrazten ditu Agirretxek liburuan; ilun edo ilunegi tarteka, sakon eta mamitsu beti. «Erabateko iluntasunean, / ezerezean / gertatzen diren argi / leherketatxoak gara, / esperantza izpiak, / ezerezean argi printza alai / batzuk jartzea da gure patua; iheskor, / baina asko gara».
Helduko da zuen eskutara Agirretxeren liburua. Eta laster sarean arakatu ahalko duzue Patri Urkizuren olerki sorta; beste liburu askorekin batera, haren webgune pertsonal berria iritsiko baita.
Eta badugu susmoa izango direla lezotar gehiago olerkari trebe (edo ez hain trebe, baina hori nork epaitu?). La voz de Euskadi-n ezingo da, baina Zeorri!-n lehengo eta oraingo lezotar idazleen lerroak irakurtzeko modua egongo denaren susmoa badaukat. OARSO BIDASOKO HITZA-n tarte hau partekatzen duen gazte bati luzatuko diot galdera, badaezpada. Zer iruditzen zaizu zuri, Ainhoa Salaberria Garmendia? Irakurriko al ditugu lezoarren olerkiak Zeorri!-n?