Iritzia
Urko Etxebeste
Oarso Bidasoko Hitzaren zuzendaria
Oiartzun Irratian elkarrizketa egin zidaten lehengo egunean. Gustura asko ibili nintzen Alazne eta Irati esatariekin solasean, hari eta honi erantzunez. Gaia: Oarsoaldeko Hitzaren 15. urteurrena. Etzi, igandea, beteko dira hamabost urte Oarsoaldeko Hitza-ren papereko edizioaren lehen zenbakia kaleratu zenetik.
Memoria ariketa egin arazi zidaten bi galdera egileek. Hasierako garaiak nolakoak izan ziren galdetu zidaten, zer sentitu genuen lehen zenbakia kaleratu zenean, zergatik eta nola sortu zen Oarsoaldean euskaraz tokiko informazioa lantzeko hedabidea, nor edo zer agertzen zen lehen zenbaki horretan… Kostata, baina banan-banan erantzun nituen galdera guztiak. Ez pentsa zehaztasun asko eman nituenik, zaila egin zitzaidan oroitzea duela hamabost urtekoak.
Ondo gogoan dudana da
Oarsoaldeko Hitza 2003ra arte lanean izan ziren Oarsoaldeko herri aldizkarien —Errenteria-Oreretako Lau Haizetara, Lezoko Orratx! eta Pasaiako Branka— eta lehenik
Egunkaria-ren eta geroago
Berria-ren elkarlanetik sortutako egitasmoa dela, hau da, euskarak behar duen tokia izan dezan lanean ari ziren hedabideen gogo, ilusio eta lanagatik sortu zela egitasmoa.
Sortutakoa garatu egin genuen, aldatzen joan da eta gara, batzuetan atzera egin behar izan dugu, bidearen bazterrean arnasarik gabe gelditzeko arriskuan ere egon da egitasmoa, une eder eta latzak kontatu dizkizuegu, urrats sendoak egiteko gaitasuna izan dugu, saiatu gara zure ahotsa jasotzen, eta horri irudia jartzen. Eta hori guztia paperera eta Internetera eraman dugu; eta eramaten ari gara.
Zehatz, etzi bete arren 15. urteurrena, urri-azarora arte ez dugu ekitaldi handi edo esanguratsurik egingo. Orain sukaldeko lana egiten ari gara, 15. urteurrenaren urte osoari mamia ateratzeko erabakia hartu baitugu, ez dugulako nahi den-dena egun zehatz batera bideratu.
Eta horri jarraiki, lehenengoz, Oarsoaldeko ikastetxeekin, sindikatuekin, taldeekin, kirol elkarteekin, udalekin eta bestelako eragile eta norbanakoekin aurrez aurre biltzen ari gara, hitz egiten ari gara, atzera so jarri baino, aurrera begira eta elkarrekin egin daitezkeenak adostuz. Orain arte egin ez den lan bati heldu diogu, eta zinez, jasotzen ari garen erantzuna oso-oso ona izaten ari da. Baiezkoak besterik ez ditugu bildu. Oso gustagarria da ikustea, entzutea eta sentitzea hamabost urtean egindakoa aitortzen dela, apreziatua dela. Eta babesa dugula: harpidedunena; erakundeena; publizitatea jartzen duten komertzio, denda, taberna, jatetxe edo enpresena, eta oro har, herritarrena.
Gure da hitza da hamabosgarren urteurrenaren harira erabiltzen ari garen leloa. Aurreko batean aipatu nuen, gurea horren esanahia zabala dela, zuek, irakurleok, esan dezakezuela lasai asko «gurea da», zuena delako Hitza. Eskualdeko euskarazko hedabidea gureago egiteko zereginean buru-belarri ari gara asteotan lanean.
Lasai, ospakizunetarako aukerarik ez da faltako. Baina xanpaina atera baino lehen nahi duguna da zuregana hurbildu, xanpaina banatzerako orduan beteko diren edalontziak ehunka, milaka izan daitezen.