Ipuin batean bezala
Nire lagun Felixek dio Aitaren etxea dela Munduko tokirik ederrena. Bertan dago Peru Abarka Kamisoi zuri zetazkoa jantzita, Leturiaren egunkari ezkutua irensten, ondoan Kartzelako poemak dituela. Sara izeneko gizona da, berez, Peru Abarka. Gizona bere bakardadean. Edo, agian, Zu zara, nork daki. Soinujolearen semea-ren antza du. Baina, Txikiegia agian. Jenisjoplin behar du izan. Edo Krokodilo bat ohe azpian, Miñan, Bi anai, Jara, Obabakoak, Ezekiel, Ane, Nur, edo Moio izan liteke.
Haren aldamenean ama. Nire amak ez dauka erremediorik, Ene baitan bizi da. Amek ez dute Udazkeneko lorea-ren antzik, udaberrikoarena baizik. Bihotz ausarta dute, Bihotz handiegia agian, Izar malkoak isurtzeko adinakoa. Biotz-begietan Haur besoetakoa euren poztasun Iturria. Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama; hala, Bost ahizpa sortu arte. Ai ama! Azken garaipena. Aita, ordea, Sacamantecas nuen aita. Haragia Kontrako eztarritik joaten zait oroitu orduko. Zorioneko familia ia, Ipui Onac gisan. Baina, Ez naiz ni, Ni ez naiz hemengoa. Laranja bat zaborretan bezala sentitzen naiz. Nola heldu naiz ni honaino? Kutxidazu bidea, Ixabel.
33 ezkil hots urrunean, eta izeba Rosa itzuli da Francoren bilobari gutuna bidaltzetik. Basa da izeba oso. Eta Atsoak hor jarraitzen du Sutondoko kontuak kontatzen. Sua falta zaigun arren, Zoaz infernura, laztana. 100% Basque diren Etxeak eta hilobiak eraitsi zenituen, denak Odolekoak, eta Zazpi etxe Frantzian eraiki. Gerra txikia egin zenuen. Agian, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak dira horiek, isilpeko Narrazioak. Familiako Zauri ezkutuak, Korapiloak. Zuk Agur, Euzkadi desio zenuen, eta Herriak ez du barkatuko.
Nobela errealista bat dirudi nire bizitzak. Ni behia, eta kontatutakoak Behi euskaldun baten memoriak. Kilkerra ere izan ninteke, Kilker bat autopistan, Turista klasean, Bilbao-New York-Bilbao egiten Aireportuko musika jarrita Atzerrian, eta Fakirraren ahotsa-k alaituta Neguko argiak. Ez dut nik asmatu, Ipuin batean bezala bizi naiz.
Baina Elkarrekin esnatzeko ordua helduko da laster. 17 segundo besterik ez dira falta. Atertu arte itxaron. Gero SPrako tranbia hartu, zehazki Nora ez dakizun hori, baina Beti iparralderantz eta Euskararen bidegurutzetik. Ondoren, Ostegunak, Ostiralak, Musika airean eta bizitza Beti oporretan irudikatu. Kolosala izango da. Gogoratu, Airea ez da debalde, eta Zoriontsuak izatea aukeratu genuen. Beraz, gozatu. Zeru horiek Ehun metro-ra badaude ere, zure Azken metroa bada ere. Bizitza egunero hasten delako, hasten ez den arte.
Pasa den otsailaren 21ean izan zen Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna. Alabaina, urteko egun guztietan igaro gaitezke euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera. Goian, beraz, gure ama hizkuntzan sortutako liburuei hautsa kentzeko, eta egarri duenak asetzeko 93 titulu.