Zer gertatuko litzateke Oiartzungo 500 enpresek webgunea euskaraz jarriko balute? Nola hartuko lukete bezeroek? Zer sentituko herritarrek? Nola biziko langileek?
LANIN egitasmoan ari garenok uste dugu enpresa txiki askok ekintza txiki asko eginez gero, ondorio handiak lortzen dituztela, eta horrek etekina dakarkiela haiei eta gizarte osoari. Izan ere, enpresa baten zeregin nagusia kalitatezkoa eta lehiakorra den produktua saltzea bada ere, hori ez da nahikoa dirua irabazteko. Erantzukizunez jokatzen ez duenak, prezio ona izan arren, langileen zein bezeroen fideltasuna gal dezake, gero eta jende gehiago kezkatzen baita erosten duenaren ezaugarriez.
Hizkuntza da plusa ematen duen aldagai horietako bat. Euskarak bertakotasuna, berezkotasuna, edo begirunea adierazten ditu. Balio erantsia da.
Kudeaketa egoki batek:
– Enpresaren ospeari eragiten dio. Produktuak ez ezik, langileek, hornitzaileek, bezeroek eta herritarrek laguntzen diote enpresari marka eta ospe bereizgarria eraikitzen.
– Langileen atxikimendua areagotu eta produktibitatea hobetzen ditu. Langile askok lana eta bizitza proiektuaren arteko uztarketari erreparatzen diote. Nahiago dute, familiarekin, gizartearekin eta ingurunearekin konprometituta dauden enpresetan lan egin, eta horrek lan giroari, produktibitateari eta lehiakortasunari eragiten die.
– Bezeroen fideltasuna landu eta arriskuak saihesten ditu. Legea bete eta praxi txarrak ekiditen saiatzen denak, langileen, sindikatuen, bezeroen edota administrazioen kexak gutxituko ditu. Publizitate negatiboa jasotzeko aukerak murriztuko ditu.
– Aitorpenak eta sariak errazten ditu: asko dira gaur egun ardura sozialez jokatzen duten enpresak saritzen dituztenak. Horrek ingurukoekin harremanak hobetu eta asmo berriak zabaltzeko aukerak eskaintzen ditu.
Onura horiek guztiak kontuan edukita jaio zen LANIN proiektua, Oiartzungo enpresa txiki eta ertainei hizkuntza kudeaketa hobetzen laguntzeko zerbitzua, enpresa bakoitzaren erritmo eta egoerara egokitzen dena.
Dagoeneko, 67 enpresekin izan dugu harremana, 33 bisitatu ditugu, eta horietatik 20k adierazi digute LANIN egitasmoak eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzeko gogoa. Batzuek, webgunea itzultzeko diru laguntza jasoko dute; besteek, errotuluak aldatuko dituzte. Badira katalogoak itzultzea eskatu dutenak, baita langileentzat euskara eskolak antolatu dituztenak ere.
Beraz, Oiartzungo enpresa txikietako batean lan egiten baduzu, hizkuntza eskubideen aurka ez bazaude, eta gizartearekiko, bezeroekiko zein langileekiko arduraz aritu nahi baduzu, LANINek lagunduko dizu erabakiko duzun ekintza txiki hori gauzatzen.
Informazio gehiago nahi baduzu,
Lanin-en orrialdean sartu. Email edo telefonoz ere jar zaitezke gurekin harremanetan: lanin[abildua]oiartzun.org edo 943 25 42 90/ 687 03 09 63/ 630 88 94 28.