Larrialdia pantailetan
Aurreko igandean, Errenteriako eta Hego Euskal Herriko beste 11 zinema aretotan Nur eta herensugearen tenplua marrazki bizidunetako pelikula (2017) proiektatu zuten. Juanba Berasategi (Pasai Donibane, 1951-2017) euskal animazioaren maisuaren azkeneko lana. Baina hara non, EITBren Nahieran zerbitzuan bilaketa egin dut, Juanba Berasategi idatzi, eta ez da haren pelikularik ageri ikusteko. Ekialdeko izarra, Fernando amezketarra (1979ko film labur hori Berriaren Youtubeko kanalean topatuko duzue), Kukubiltxo, Kalabaza tripontzia (makina bat lezoarrek parte hartu zuten; Youtuben dago), Ahmed Alhambrako printzea, Lazkao txiki eta Txirrita telebistarako saioak, Alhambrako giltza, Barriola San Adriango azeria, Tormeseko itsumutila… Juanba Berasategi bilatzaile batean idatzi, eta streaming plataforma batean lan horiek guztiak ikusgai izatea. Hori dut desira, une honetan. Ez dakit EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak datorren urterako iragarritako «euskal Netflixa» delakoan, desira hori beteko ote duten.
Esana dute plataforma elebiduna izango dela. Horrenbestez, ez dakigu ETB2ko saio izarrek eta albistegiek jango duten azala. Baina oso argi ikusten dut: plataforma berri horretan, bilatzailean Juanba Berasategi jarri eta ez bada alerik ageri, euskaldun askok nahiago dute Netflix yankian murgilduta jarraitu; bertan, Miyazaki idatzi eta segundo batean animaziozko hamasei film baino gehiago ageri dira; ondo legoke Chihirioren bidaia-ren euskarazko bertsioa gaineratuko balute, bide batez.
Joan den astean, Pantailak Euskaraz mugimenduak aldarrikapen dekalogo bat eman zion euskal gizarteari. Besteak beste, euskarazko streaming plataforma sendo bat eskatzen du taldeak. Eta pentsatu nahiko nuke balizko plataforma horretan, Berasategi sanjuandarraren lan batzuk ikusi ahalko liratekeela. Edota Chihiroren bidaia-ren euskarazko bertsioarekin ere gozatzea legokeela.
Bikoizketaren munduko eguna izan zen duela sei egun, ekainaren 12an. Zer esan Euskal Herrian bikoizketak bizi duen egoeraz? Atzerriko helduentzako azkeneko pelikula euskarara 2012. urtean bikoiztu zutela: Invictus eta The Town izan ziren azken biak, duela bederatzi urte. Orduz geroztik, haurrei zuzendutako film bakan batzuk. Eta Bieuse elkartekoak greban, 2018ko irailetik. Euskal Herriko herritarren artean euskarazko azpidatziekin filmak eta telesailak jatorrizko bertsioan ikusteko ohitura errotuta balego, baten batek esango luke bikoizketaz: «Meh». Baina halakorik ez da.
Eusko Jaurlaritzak eta Canal Plus ordainpeko kateak akordio bat sinatu zuten 2014an, eta horri esker, dozenaka film eta telesail batzuen euskarazko azpidatziak bi urtean egin, egin ziren. Baina zenbat kontsumitu ziren? Ordezkatu al zuen horrek euskarazko bikoizketaren kontsumoa? Ala erdarazko bikoizketak kontsumitzen jarraitu dute euskaldunek?
Agintea dutenek heriotzera kondenatu dute euskarazko bikoizketa azken bi hamarkadatan. Horrek euskararen normalizazioan izan duen eragin kaltegarria kalkulaezina da. Agian, urte batzuk barru, ikertuko du baten batek eragindako mina. Adi! Benetako larrialdia bizi du euskarak pantailetan, erdaretako edukien nagusitasuna erabatekoa baita. Kataluniako gazteen %90,7k streaming plataformak kontsumitzen dituzte, eta Euskal Herriko gazteen ehunekoa oso antzekoa izango da. Plataforma horietan euskara ez da existitzen ia. Oso agerikoa da, beraz, Pantailak Euskaraz mugimenduari ahalik eta sostengurik eta bultzadarik handiena eman behar zaiola. Hil ala biziko afera da. Orain eta hemen.