Menda Lerendatik dator notizia
Gerrak, pandemia, krisi humanitarioak, krisi ekonomikoa, balioen krisia, grebak. Hondamendi naturalak eta naturaren hondamendia, lehengaien xahutzea, argiaren garestitzea, gasaren altxatzea, erregaien neurriz kanpoko prezioa. Suteak, uholdeak, lehorteak, espaziotik gure Lurra planetarantz omen datozen meteoritoak. Beren senar edota senar ohien esku erailda hiltzen jarraitzen duten andreak, egunero jipoitzen dituzten emakume eta haurrak, bizi hobeago baten xerkan urruneko itsasoetan eta bertako ibaietan itotzen direnak. Lapurrak eta ustelak, gure sosekin aberastasuna biderkatzen jarraitzen duten bidelapurrak. Supermerkatuetako apal hutsak. Langabezia, lan prekarietatea, langileak erailtzen dituzten lan baldintza bidegabeak, eta abar eta abar eta abar.
Hedabideetatik etengabe jaurtitzen dizkiguten albisteak dira horiek, irentsi nahi gaituen munstro erraldoi bat bailitzan. Mundua aurkezten digute kontatzeko soilik albiste horiek balitu bezala. Mundua, eta han pasatzen den guztia, hori soilik balitz bezala.
Galbana handia ematen du, egia esan, hedabideei atea zabaltzea. Hainbeste tragediarekin zanpatua eta txikia sentitzen naiz. Ezdeusa. Aitortu behar da beldurtu gaituztela. Eta hala, pandemiak, gerrak eta beste, noiz hasi eta noiz bukatzen diren iragartzen digute. Eta guk, zintzo-zintzo, esandakoa egin eta obeditu besterik ezin dugula egin sinetsarazi digute, beldurraren beldurrez.
Tartean-tartean, baina, irristatzen da albiste bitxirik. Edo bitxi antzekoa, behintzat.
Arreta eman zidan lehengo batean irakurri nuen batek. Antza, Logroño inguruko errepide batean, Lantziegoko (Araba) gazte bat geratu zuen Guardia Zibilak autoarekin sigi-saga zihoalako. Kontrolean positibo eman zuen drogetan, gidatzen zuen bitartean telefonoz ari zen eta IATrik ez zuen. Horraino ezer deigarririk ez. Handik aurrera hasi ziren komeriak. Poliziak gazteari nortasun agiria eta gida baimena eskatu zizkionean, ez zen bada esaten hasi bera Menda Lerenda Errepublika Ibiltariko diplomatikoa zela, eta immunitatea zuela errepublika subirano horretako kide zelako? Poliziei hura hala zela erakusten zuten bi agiri erakutsizizkien. Alferrik, abentura/gertakaria Espainiako erreinuko gida-baimeneko 9 puntu galduta eta 2.000 eurotik gorako isuna jasota amaitu zen.
Menda Lerendako Errepublika Ibiltaria 1999an aldarrikatu zen. Interneten web orria ere badu eta baita bandera ere: urdina (zeru sabaiaren mugagabetasuna adierazten du) eta haren gainean, erdi-erdian, urre koloreko katebegi bat (indarra, independentzia eta bere katetik askatzea irudikatzen du; urreak, berriz, askatasunaren balioa). Katebegiak, aldiz, banakako unitatea, beste katebegiekin era bateratu, sendo eta eraikitzailean elkartzeko gaitasuna.
Eta non dago errepublika hori, non bere territorioa, non bere mugak? Bada, une bakoitzean bere herritar soberano bakoitzak okupatzen duen lurzoru bakar, esklusibo eta ordezkaezinak osatzen du Menda Lerendako Errepublika. Horregatik da ibiltaria.
Ezinezkoa da, ondorioz, Menda Lerendako Errepublika Ibiltaria munduko mapan txertatzea.
Munduko mapan marraztu ez gaituzten herri zapalduok ongi baino hobeto dakigu gaur egun, artean, posible dela herri oso bat, kultura oso bat, milioika biztanle —mundu ikuskera bat, azken batean—, mapetan ez agertzea, eskoletan ez erakustea. Badakigu, mapa horretan agertzen diren herri txikiek egin duten borrokari esker marraztu dituztela beren herriak. Bakoitza bere baliabideekin.
Marie Curiek, bi arlo desberdinetan Nobel saria jaso zuen lehen pertsonak, Polonia bere jaioterria marraztu nahi izan zuen aurkitu zuen elementu kimikoari Polonio izena jarriz, Errusia, Prusia eta Austriaren mende zegoen garaian. Hori izan zen bere modua Polonia aldarrikatzeko, eta munduaren aurrean Maria Salomea Sklodowska moduan aurkezteko, jaiotze izenez.
Menda Lerenda Errepublikako kontura bueltatuz, ez dakit broma bat den ala benetakoa. Egia esan, ez dakit askorik axola dion mundua broma txar bat bihurtzeko zorian dagoen honetan. Zergatik ez dizkigute bizitzaren eta munduaren aurpegi abegikorrak erakusten? Izan baditu-eta!