Oihan Tello: "Oiartzungo EAJren azken gezurrak"
“Aurreko asteburuan tinbrea entzun eta udal aldizkaria banatzen ari zirela esanda ireki nuen atea. Goizegi banatzen ari zirenaren ustea nuen, eta hara sorpresa, EAJren Zurekin aldizkaria zen. Ia dena gazteleraz idatzia, izenburuak izan ezik.
Oiartzungo EAJk datuak nahi bezala zabaldu nahi izan ditu, beraien erabaki eta babesarekin aurrera ateratako plan eta aurrekontuek eragindako errealitate batean gaudela ahaztuta. 2003-2007 legegintzaldian egindakoen errentak oraindik ere ordaintzen ari baikara.
Ahaztu egin al dute 2007ko Arau Subsidiarioek EAJren laguntzaz egin zutela aurrera? Bozka bakarra behar zuen garaiko gobernu taldeak (Martin Beramendi buru zuenak), eta EAJk eman zuen. Nahi dutena erraz ahazten dute: Arau Subsidiario haietan ez al ziren aurreikusten 1.500 etxe Arraguatik Ugaldetxora? Hori ez al da mastodonte bat? Plenoan babestu zuten erabaki hark eskubide batzuk eman zizkien konstruktoreei eta orain ezin dira erabat deuseztu. Memoria selektiboa al du EAJk?
Mastodonteak aipatzen hasita, AHT herritik pasatzearen eta superportu baten alde ere bazegoen EAJ. AHTk bi bide izango ditu (lituzke), gainera, herrian.
EAJko ordezkariek Hirigintza Kontseiluan Plan Orokorra bide onetik doala esan dutenean, eta egindako ekarpenengatik eskerrak eman zaizkienean publikoki, ez zaiela deus onartu diote orain. Plenoak grabatu, akta hartu eta onartu egiten direla jakingo dute behintzat, ez?
Parte hartzeaz ere mintzo dira, baina herrian aukerak daudenean parte hartzeko, desagertu egiten dira. Auzoetan aurrekontuak lantzerakoan, adibidez, edo batzordeetan —egon behar luketenean—, non daude?
Herri zorpetuen top ten-ean gaudela ere idatzi dute, 6,5 milioi euroko zorraz mintzatuz, inondik azaltzen ez diren datuetan oinarrituz. Eskerrak udalaren egoera ekonomikoaren datuak publikoak diren! Egun, 5,6 milioi euroko zorra du Oiartzunek, eta horietatik 600.000 Petra Lekuonaren abalistak garelako dira. Azken 20 urteetako zorpetze daturik onenak dira hauek.
EAJri eskertuko genioke esan behar dutena esatea, nahi duen bezala, baina datu errealekin; gezurrek bide motza baitute”.
Oihan Tello. Oiartzungo jarduneko alkatea eta EH Bilduko kidea.