Osasunaz
Gorritxoen gizonezkoen taldeak urte aparta egin du, eta UEFAk zigorrik jartzen ez badio, Europako Konferentzia ligan jokatuko du datorren denboraldian. Jagoba Arrasateren gidaritzapean, Iruñetik zerura egin du jauzi Osasunak, eta sasoi betean daudela erakutsi. Sendotasun hori kirolarien gorputzetan ere antzematen da, ospakizunek eskaintzen baitiete inoiz ez bezalako parada kamisetak kendu eta eite lirainekin zaleak limurtzeko.
Itzulinguruka ibili gabe, kirola egitea oso gomendagarria da, osasunaz gain, gorputz zizelkatuak izateko ere baliagarria. Urteko garai honetan asko kotizatzen dute halakoek, gehiago zibilizazio merkantilizatu honetan. Segi euskal hondartzetara eta konprobatu zure kabuz gazte kuadrillek ikasturtean zehar gimnasioan zer lortu duten. Dena den, enmarkatzeko moduko itxura fisikoak baino ugariagoak izaten dira hondartzetan jendearen itxuragatik egindako iruzkinak. «Ez du bere burua zaintzen», egiten dute harrika batzuek ezer galdetu aurretik. «Lodiegi dago», jaurtitzen dute gezia besteek, «ez dago osasuntsu», epaitu irmo. Ikuste hutsarekin. Begiz jota. Gai dira jakiteko norbait ez dagoela osasuntsu.
Beste maila batean daude zorion mezuak. Ni ere zoriondu izan naute argalago egoteagatik, eta deseroso sentiarazi. Denbora librea izatean mendira jotzen dut, eta maiz hori izaten da pisua galtzeko arrazoia. Kasu horretan, seinale ona da aldaketa. Baina, eta hala izango ez balitz? Izan liteke buruhaustez josita apetitua galdu dudala. Litxarkeriei emana nagoela eta ez dudala ongi jaten. Gaixotasunen bat dudala. Gaixotasunen bat dudanez botikek pisua hartzea edo galtzea eragiten didatela. Ikuste hutsarekin, batzuek aski dute aurreiritzi sortari kantxa emateko. Bertikala umorezko podcastean, lodifobiari dedikatutako kapituluan, irri eginez kontatzen zuten Sarak eta Laurak bizitako zenbait pasarte. Medikuarenera edozein kontsultarekin joan, eta ondorioa beti bera. «Azkenaldian oso nekatuta nago. Hori da argaldu behar duzulako… Bizkarreko mina dut. Pentsatu duzu kilotxo batzuk kentzea? Antsietatea daukat. Aii… klaro… lodi zaude. Gripeagatik ezin dut arnastu. Agian kilotxo horiek dira, eta ez gripea». Egunerokotasunean, ordea, broma gutxi.
Argi dago zenbait gaitzek lotura izan dezaketela loditasunarekin, baina kausa-ondorio erlazioa ez da beti erabatekoa, eta, tamalez, pertsona arruntak ez gaude prestatuta begi hutsez hainbeste jakiteko. Lodi egoteko makina bat arrazoi egon daitezke, tartean zoriontsu izateko nahia eta nor bere burua den bezalakoa onartzea buruko osasuna zaintzeko. Beraz, hurrena osasunaren inguruko lekuz kanpoko komentarioren bat entzutean, Osasuna Europako ligan sartu dela erantzungo diet. Itxura fisiko hutsean oinarrituta, nik futbolaz adina baitakite aurreiritzilariek osasunaz. Deus ere ez.