Poliki-poliki
Poliki-poliki. Jaizubiako biribilgune berrian metro gutxi batzuk aurreratu, gelditu eta itxoin. Poliki-poliki. Jaizubiako biribilgunearen lanak inoiz amaituko ez direla dirudi. Poliki-poliki. Metro batzuk aurrerantz, geratu eta zain. Poliki-poliki. Gaur ere lanera berandu iritsiko naiz. Poliki-poliki. Haserrea eta urduritasuna handitzen doaz. Poliki-poliki.
Ziur aski, askorentzat ezaguna egingo zaio aurreko lerroetan idatzitakoa. Jaizubiako errotonda eraikitzen ari direnetik Hondarribiko eta Irungo sartu-irteerak moteldu eta zaildu dira. Haserrea ere nabari da inguruan, egunero bertan galtzen den denboraz kexu.
Aurreko astean, ordea, Jaizubiako biribilgunearen ikuspegi berri bat izan nuen. Bidasoa Ospitaletik lanak ezberdin ikusten dira baina, batez ere, denboraren perspektiba da botika usaina duen gelaren leihotik begira aldatzen da. Ostirala goiza zen, eta lanera zihoazen auto ilara motelari begira zortekoak zirela pentsatu nuen. Ospitaleko gelan alabari ebakuntza noiz egingo zain geunden, eta halakoetan denborak dimentsio berria hartzen du.
Ebakuntza eta gero, Michael Enderen Momo eleberria irakurri diot alabari. Momo neska berezia da. Alaia da, entzuten daki, jolastea eta istorioak kontatzea gustatzen zaio eta, batez ere, lagunei denbora eskaintzea gustatzen zaio. Baina Momo bizi den mundua arriskuan dago. Gizon gris batzuk agertu dira eta jendea konbentzitzen ari dira haien denbora aurrezki kutxa batean gordetzeko. Pertsonen denbora lapurtzeko plan bat da, eta gizon grisak helburua lortzen ari dira.
Momo eleberria zenbait gizarte mugimenduetatik azken aldian aldarrikatzen ari den plantamenduaren metafora kontsidera daiteke. Amaia Perez Orozco ekonomialariak gizartearen erdigunean bizitza jartzea proposatzen digu. Gaur egun produkzioa da erdigunean dagoena, eta hori aldatzeko pertsonen arteko elkarrekintzari eta zaintzari garrantzia eman behar zaio. Horretarako bizitza erritmo berriak eraiki beharko genituzke. Momo pertsonaiak ere hori aldarrikatzen du. Gizon grisek denboraren desjabetzea planteatzen dute, eta Momok aurre egingo die, bere denboraren jabe eginez.
Gure denboraren jabe egitea egungo gizarte egoera aldatzen hasteko tresna sozial eta politiko garrantzitsu bat da. Gure denboraren kudeaketa berreskuratu beharko genuke eta abiadura biziko egunerokotasunari aurre egiteko moteltasuna aldarrikatu beharko genuke. Mantsoago eta lasaiago bizitzeko proposamenak garatzen hasteko garaia iritsi da. Kaleko pintada batean irakurri nuen bezala: «Poliki, poliki, gozatzen da biziki».
Time is money. Denbora dirua dela maiz entzuten dugu baina nik nahiago dut Jose Luis Sampedrok esandakoa gogoratzea: «Denbora urrea dela esaten dute baina ez da horrela, denbora bizitza da».