Santi Angulo: Buruak huts egiten duenean
PSOEk erabiltzen duen hizkuntza eta daukan oroimen-galera ez datoz bat. Arestian duela hiru urte bosgarren edukiontzia eskatu zutela esan digute. Ez dakit nori eskatuko zioten, baina buruak huts egin die, orduan beraiek gobernatzen baitzuten udala; agian esan nahi digute bosgarren edukiontziaz alkatetza galtzean soilik gogoratu zirela. Izan ere, beraiek gobernatzen zutenean zertarako nahi zuten bosgarren edukiontzia, zabor guztia errausketa-plantara botatzeko asmoa bazuten?
PSOEk darabilen hitz-jokoa ere nabarmena da. Beraiek gobernatzen dutenean, demokratikoki erabakitzen dute; Bilduk gobernatzen duenean, ezarri egiten du (nahiz eta herritarren gehiengoaren bozka jaso, Oiartzunen esaterako). Horrela, bada, adibidez, errausketa-planta jartzea demokratikoki erabaki zen (non jarri erabakitzeko inolako galdeketarik egiteko ausartu ez baziren ere, bai baitzekiten ez zutela inon nahi) eta derrigorrezko bosgarren edukiontzia, aldiz, ezarria da. Orain ez dira gogoratzen zaborraren nahitaezko erraustea, eta ez borondatezkoa, ezarri nahi izan zutela.
“Hondakinak jasotzeko borondatezko sistema” ere aipatu dute eta honetan ere buruak kale egin die, zaborraren gaikako bilketa (papera, beira, plastikoa…) jarri zenean, haiek gobernatzen zutela eta ez zela borondatezkoa izan, derrigorrez baizik ahazten baitute. Demagogia hutsa da orain kasu honetarako soilik borondatea eskatzea, besteetan derrigorrezkoa denean. Eta borondateaz ari garela, errespetatuko al da atez ateko sistema nahiago duten pertsonen borondatea?
Santi Angulo, irakaslea.