Sor(gin)tzea
HITZ HARTUAK
Sorginak agertu zaizkigu berriz ere inguru hauetan. Batetik, Donostiako Zinemaldian aurkeztutako Akelarre filma; bestetik, hainbat emakume sortzailek egin duten Sorginak deitutako erakusketa; horrez gainera, Asisko Urmenetak argiratu berri duen Sugarren mende komiki-liburua. Hori guztia ez da, noski, moda kontu hutsa. Sorginei buruz izan dugun iruditeria erabat baldintzatua egon da eta, beste hainbat kasutan bezala, horrek ez digu utzi ikusten sorgin deitutakoak nolako pertsonak ziren, ez eta zer nolako eragina eta indarra zuten gizartean. Urmenetak liburuaren aurkezpenean dio «zigorturiko euskaldunak ez ziren bazterkinak, baina garai hartako lider sozialak», eta indartsuak zirelako desagerrarazi nahi izan zituzten, inposatzen ari zen hizkuntzaren, kulturaren eta mundu ikuskeraren aurrean, bertakoena zenaren adierazgarri garrantzitsuenetakoak zirelako.
Joan den aste bukaeran AMAK taldearen ikuskizuna izan dugu Oiartzunen. Mauriziaren kantu batekin hasten dute emanaldia eta bukatu ere bai; pandero jolearen aurpegia dute pandero erraldoi batean taula gainean, eta emanaldiko azkeneko pot-pourria entzun eta gozatzerakoan, Laboaren hainbat kanturekin ere gauza bera gertatzen zait, botere guneetatik kanpo edo, dena delakoagatik, azpiratuak edo gutxituak izan direnekiko keinu ausarta sentitzen da: Oi Pello Pello-k zapalduaren ahotsa ekartzen digu erreguen artean; Erre zenituzten sorginak entzuterakoan iraganera begiratzen dugu ahotsa, panderoa eta irrintzien indarrarekin; Mauriziaren ahots urratua-k ahalduntzearen garrantzia eta presentziaren ezinbestekotasuna erakusten digu, eta taula gaineko lau trikitilariek hori guztia haragiztatzen dute ikaragarrizko alaitasun eta bizitasunarekin.
Sortzaileek intuizioz sortzen dute, askotan, horren inguruko azalpen razionalik egin gabe. Eta halere, eta agian horregatik, bete-betean asmatzen dute sortzen duten horrekin bide berriak urratzen, eta baita kasu askotan, garenaren eta izan nahi dugunaren arteko zubia eraikitzen ere. Gizakiok elkarren berri izateko, nagusiki ahozko hizkuntza erabiltzen dugu, eta hain gaude horretara jarriak, ez baikara ohartu ere egiten hitzek errealitatea edo gertakizunak izendatu besterik ez dituztela egiten; hau da, aipatutako horren ordezko dira, objektuen tokian jartzen ditugu, baina inoiz ez dira ordezkatzen duten hori izango. Hitzak, funtsean, hitzak besterik ez dira, eta ez errealitatea bera.
Errealitatea agertzeko hizkuntzak duen ezintasunaren inguruan Schopenhauerrek lehenbizi, eta Nietzschek ondoren, egiten duten salaketaz geroztik, bestelako adierazpenen inguruko hausnarketak eta ikusmoldeak zabalduko dira. Schopenhaurrek berak, adibidez, esaten du ezagutza zientifikoaren printzipioak azaleko mundua ezagutzeko balio dutela, baina inola ere ez agerkizun guztien barneko errealitatea edo gauzak berez direna adierazteko. Horretarako, dio, ez dira ideiak edo kontzeptuak erabiliko forma artistiko hutsa baizik; hau da, musikak lortuko du gauza berez dena espresatzea. Musika da, hortaz, zerizana bitartekotzarik gabe agertzeko modua, musika hutsak ez baitu inolako esanahi kontzeptualik, ez du ezer adierazten edo seinalatzen edo izendatzen. Bera da aipatzen duena; esan nahi duena musika da; ez dago bestelakorik ez besterik.
Bitxia da, baina duela aste batzuk Zarautzen izan ginen Literaturian kantagintzaren inguruko mahai-inguruan. Anari eta Ruper Ordorika ziren solaskideak, eta han esandakoa zuzenean entzuteko pribilegioari gehitu behar zaio, bukatu ondoren artistekin zuzenean hitz egiteko izan genuen zortea (herri txiki batean bizitzearen abantailak!). Mahai-inguruan gauza interesgarri asko esan zituzten, baina horiek errepikatu beharrean, ondoren Ruperrek esan zuen zerbait ekarri nahi dut gogora. Alegia, bera musikaria zela, eta ez hizlaria, eta berak musika egitea eta eskaintzea duela gustukoen, eta hori dela egin nahi duena. Beethoveni behin sonata bat jo ondoren galdetu omen zioten zer esan nahi zuen musika horrek, eta pianoan eseri eta berriro jo omen zuen.
Musika arte-adierazpen guztien artean abstraktuena dela esan zuten artista erromantikoek aipatutako arrazoi horiengatik, eta pentsatzen zuten arrazoiaren bidez ezagutu ezin zena ezagutzeko bide egokia zela.
Nik, sorginen izatea geureganaino ekartzen duen musika entzutean, Mauriziaren izateko eta irauteko grina sentitzean, intuizio artistikoaren indarra sumatu nuen, eta ikus-entzule askoren artean ere emozio bera zabaldu zela esango nuke. Pentsamenduarekin eta arrazoiarekin aurkitu ezin dugun zer hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta bizi dugun globalizazio eta krisi garai honetan, geure burua geuretik sortzea, sor(gin)tzea ederra litzateke.