Wally, horcruxak edo latexezko-barrerak
Donostiako ospitalean histerioskopia bat egin behar dizute, utero-lepoko min≠bizia detektatzeko eta tratatzeko proba da. Giza Papilomaren Birusa (GPB) deituriko sexu-transmisioko infekzioan positibo eman duzu, ohiko infekzioa da sexualki aktiboa den edozein pertsonarentzat eta kasu gehienetan iragankorra dena, berez ezabatzen dena. Kontsultara sartu eta aulkian eseri zara, medikua, erizaina eta ordenagailu bat aurrean dituzula.
Duela urte batzuk hasi ziren eskoletako txerto-egutegian emakume gaztetxoentzako GPBaren aurkako txertoa jartzen, haren transmisiorako probabilitatea murrizteko; eta horrekin batera, baheketa programa bat jarri zuten martxan, emakumeek 25 urte betetzen dituztenean prebentziorako zitologia bat egiten zaie. Hor positibo emanda bideratu zaituzte ospitaleko probara. Gizonak infekzio honen eramaile ere badiren arren, haiei ez zaie txertatzen, ez dute jakiten infekzioa dutenik ere, birusa haiengan manifestatzen ez denez… zeinen ongi ironiko batekin itxiko dugu eztabaida adar hau eta bueltatu gaitezen kontsultara.
Medikuak galdera hetero-normatibo kliniko eder bat egin dizu lehenik: «Sexu-harremanak dituzu?», «bai». «Antisorgailuak erabiltzen dituzu?», «ez». «Haurdun egon al zara inoiz?», «ez». «Orduan, abortatu duzu inoiz?», «ez». Medikuak erizaina begiratu du eta gero zu. «Eta nola da posible?» galdetu dizun momentuan aurpegia desfiguratu zaizu, ez zenuelako espero harridura-lotsa-amorrua nahasketan setiatuta «ba emakumeekin oheratzen naiz» erantzuten zure burua hain lekuz kanpo aurkituko zenuenik. Ajam! Dena dator bat medikuaren garunean: emakumeen arteko sexua babesik gabe, haurdunaldirik ez eta infekzioa bai, posible da.
Histerioskopia egin eta oraingoz dena ondo dagoela esan dizu, baina kondoia erabiltzeko. Emakumeen artean babeserako zer erabili dezakezun galdetu diozu eta «emakumeen artean zer erabiltzen duzuen ez dakit» esan dizu. Oso ondo, eskerrik asko. Kontsultatik atera eta LGTBI erakunde batera deitu duzu informazio eske, baina ez dakitela ziur. Latexezko-barrerak ahozko-sexurako edo kondoi bat erditik moztuta dio Internetek. Duina oso. Bost farmazitan ez dago latexezko-barrerarik. Sexuaren babeserako barrerak diren barrerak. Sex-shopetan omen daude jostailuak balira bezala, ba hor ere ez dituzu topatu.
Wally, horcruxak edo latexezko-barrerak. Non daude? Inon badaude… Dena ez da hain aurrerapauso eta hain dibertsitate. Asmatu egin behar dugu nola egin larrutan, nola babestu, nola jokatu, jada asmatua dagoena zuretzako egina ez den galdetegi bat bada. Yes we fuck.
Bide batez, apuntatu hurrengo errebisiorako kontsulta urrian daukazula.