Zain ditzagun zaintzaileak!
Eskandaluak kontzientzia astindu digu. Niri, behintzat, ederki mugitu zaizkit barruak. Orain, pandemia atzean uztera goazenean, adinekoen egoitzetan paratu da fokua: hemendik hurbil den egoitza batean 14 orduz, edo gehiagoz, ohean eta jakirik eman gabe edukitzen omen dituzte gure aitona-amonak.
Ohikoan gertatzen den bezala, beste behin, harri bat jaso eta bederatzi suge arrapaladan! Salaketak oheratze denborara; elikatze eta garbitasun txandetara; ratioetara (zaintzaile bakoitzak ardurapean duen aitona-amona kopurua); eta abarrera zabaldu dira. Eta, zoritxarrez, egoitza horietako langileak daude jo-puntuan.
Tristea da ikustea zeinen laburra den gure oroimena. Akordatzen al da inor nola etxeratze aste luze haietan, elkarrekin komunikatzeko sortu zitzaigun bulkada hartan, esaten genuen asko ikasiko genuela pandemiari esker? Gelditu eta generaman bizimodu eroaz hausnartzeko aukera zela hura, handik ateratakoan pertsona hobeak izango ginela… ez genuela inor atzean utziko?
Non daude desio haiek? Ezer gelditzen ote da? Dena kea izan dela onartu behar ote dugu, ahaztu egin ditugula? Ikusitakoak ikusita, penaz aitortu behar dut hitzak, hitzak eta hitzak besterik ez zirela izan.
Alarma egoera eta etxeratze agindua Espainiako Estatuko presidente Sanchezek iragarri zuen 2020ko martxoaren 14an. Gau hartan, telebista aurrean nengoen ni ere, gertakizunen abiada eta larritasuna sinetsi ezinik.
Erne jarraitu nuen Sanchezen hitzaldia. Aitortu behar dizuet adineko jendeaz hitz egin zuenean hunkitu egin nintzela. Esan zituenak, gure gurasoak eta aitona-amonak beste begi batzuekin ikustera eraman nautela. 1936ko gerra batzuk, eta haren ondorioa denek, pairatu zituzten. Frankismoaren urte latzenetan gorriak pasata, biziraun behar izan zuten. Hala ere, bizimodu hobeago batekin amestu zuten eta horren alde borrokatu zuten, tolesgabe. Haien amets eta borrokari esker jaso ditugu guk orain kolokan jarri nahi dizkiguten eskubideak eta ongizatea. Ez zieten ezer oparitu, borrokatu egin zituzten eta larrutik ordaindu zuten ausardia.
Birusak ere gupidarik gabe erasan ditu, adinekoen egoitzetan sartu eta sarraskia eraginez. Askotan bete zaizkit begiak malkoz, tristuraz eta penaz, baina, baita ere, amorruz. Etxeratze garaian, zirrara eragin ziguten adineko egoitzetan gertatu ziren istorio samur eta ausartak. Istorio haietako protagonistak, sortu eta eutsi zituztenak, egoitza horietako langileak izan ziren, gure aitona-amonen zaintzaileak. Beren lan baldintzak duintzeko zeramaten borroka alde batera utzi, eta beren burua eta gertukoen bizitza arriskuan jarriz birusak basatien erasan zietenean, musukorik eta bestelako babesik apenas zegoen tenorean. Han egon ziren.
Hilabeteak pasa zituzten egoitzetan itxita, seniderik ikusi gabe. Guk herrialdean mugitzeko baimena genuelarik, eta terrazetan egon gintezkeelarik ere, egoera eraman ezina egin zitzaigunean, egoiliarrek itxita jarraitu zuten. Zaintzaileak izan ziren, orduan ere, kanpoko munduarekin zuten harreman bide bakarra.
Latza izan zen. Egoitzetako langileentzat ardura handikoa, fisikoki gogorra eta nekagarria, eta emozionalki xahugarria.
Herio instalatu zen dagoeneko prekaritatea eta lan baldintza lotsagarriak instalatuta zeuden zaintza eremu horretan. Onartezina baita zaintzaile bakarrak zazpi edo bederatzi pertsonaren ardura osoa izatea, noiz eta pertsonak era guztietako zaintza beharrak dituen garaian. Iraingarria eta burla, bestalde, agintariei ahoa betetzea gurean zaintzaile bakoitzak bi pertsonaren ardura duela esanez.
Adineko egoitzetako langileek greban jarraitzen dute, hiru urtez ja. Eta paradoxikoa dirudien arren, greba egunetan soilik lan egiten du langileen %100ak, zerbitzu minimoei esker.
Borroka beren lan baldintzak duintzearen alde egiten dute, eta, era berean, gure aitona-amonen bizitza duintzearen alde.
Arazoa handia da, garestia; ez, akaso, abian diren hainbat azpiegitura handi baino garestiagoa. Jar gaitezen pertsona horien aurrean begietara begira: ez ote dute hainbeste merezi, ez ote diegu zor?