Zentimetroen garrantziaz
Inoiz egokituko zitzaizun zentimetro gutxi batzuen ustezko garrantziaz irakurtzea, komiki barregarriren batean, agian; edo lagun arteko solasaldi beroan eztabaidatzea, beharbada; edo txarrena, ordu txikitan inguratzen diren babalore horietakoren baten ahotik ustezko lausengua belarri zuloan entzun beharra, garagardo kiratsak sudur-mintzak uzkurtzen dizkizun bitartean.
Nago pandemia garaian hau ere aldatu dela.
Orain zentimetrotan gure arteko distantziak neurtzen ditugu; zentimetrotan kalkulatzen alboan dauden ezagunekiko eta ez ezagunekiko urruntasunak; edo alderantziz, balizko gertutasunak, espazio itxietan konpartitutako arnas tantak irudikatzen ditugun bitartean.
Egun zentimetrotan neurtzen duguna da PCR proban sudurzulotik sartu diguten makilaren luzera. «Non kabitu ote da, baina?».
Egun trazu hori ala gorri bitarteko tonalitateetan osasun-larrialdia dena alarma-egoera bihurtzen gabiltza; zertzelada txikiak, etxetik kanpo egin ditzakegun pausoak marrazten dituztenak. Pasa berri dugun urte luzean askotariko olatuen taupadak metronomoaren erritmoan zenbatu ezinean gabiltza; euste-neurri kolektibo politikoak erantzukizun indibidualaren balantzan alderatzen dizkiguten bitartean.
Egun bizitza hankaz gora jartzea lortu duen partikularen metrikan gabiltza: 100 nanometro eskaseko birusa, pentsa. Errealitate ikusezina inoiz ukitu gabeko Marte planeta gorriaren irudien kontra. «Nork–zer–ikusi-omen?». 225 milioi kilometrora dagoen Perseverance marteratzen, gure etxean sartzen: «Nor ote inbaditzailea?».
Eta halere, aurrez aurre ikusten ditudan aurpegiak geroz eta gutxiago diren honetan, bada bereziki lehen baino handiago egiten ari zaidan neurri txikiko espazio jakin bat. Kalean gurutzatzen garela, lehen ezpainak, masailak eta kokotsak ikusten genituen tokian, askotariko oihal zatiak ikusten ditugu orain; deigarriak batzuk, ohikoak, tamalez, beste batzuk, desatseginak asko. Baina sinetsita nago kolore, testura eta irudi ezberdin horien gainean dauden tamaina txikiko begi pareak direla egun sekulako garrantzia hartu dutenak. Orain zentimetro gutxi horien mugimendu sotilean, bizitasunean, bustitasunean eta konplizitatean (edo konplizitate ezean) neurtzen ditugu elkarrekiko harremanak; eta maiz oso denbora laburrean erabakita. Noski, adinak oparitzen dizkigun erdizkako miopia txikiak lagun.
Eta nago pandemia honek eragindakoak pentsatzearen eta ez pentsatzearen arteko distantzia zentimetrotan neurtzen jarraitu beharko dugula, aldi batean bederen. Burua galdu nahi ez badugu, erraz eta azkar zeharkatzeko moduko distantzia laburra bihur dadin.