Gazte auzipetuak: “Epaia kondenatzailea izan ala ez, gizartearen babesak absolbituko gaitu”
Duela lau urte hasitako amesgaiztoa laster bukatuko den ala ez jakiteko zain daude Xabier Lujanbio (Errenteria-Orereta, 1986) eta Arkaitz Anza (Errenteria-Orereta, 1986). Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urte eta sei urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dieten herriko sei gazteetako bi dira. Gorenean jarritako helegitearen epaia itxaroten ari dira. 2008an atxilotu zintuzteten Segiko kide izatea egotzita, eta oraindik bukatu ez den prozedura batean sartuta zaudete. Nola baloratzen duzue? Arkaitz Anza: Hasiera batetik komunikabide batzuk sabotajeak egin genituela, eta izugarrizko kale borroka talde bat ginela saldu nahi izan zuten. Gero, ordea, epaiketan zehar ikusi ahal izan da Segiko kide izatea, militantzia politikoa, epaitzen dutela, eta inondik inora ez kale borrokako ekintzak. Argi dago euren helburua zela, prozesua hautsi eta gero, gazteen etorkizuna kolpatzea, eta horrela, eskualdez eskualde sarekadak egiten joan ziren. Egin zituzten hamar atxiloketak aurre ikerketarik gabe izan ziren, eta horren inguruan muntatu zuten operazioa. Hor argi ikusten da bost eguneko inkomunikazio garaia zertarako erabiltzen duten, torturapean euren fartsa horri forma emateko, eta nola probarik ezean erabiltzen dituzten presio eta torturapean sinatuarazi zizkiguten deklarazio eta autoinkulpazioa. Hori da duten froga bakarra. Xabier Lujanbio: Nire ustez sarekada horrekin ez dute lortu bilatzen zutena. Saldu zuten modu batean, baina azkenean ikusi zen gazte [...]
Duela lau urte hasitako amesgaiztoa laster bukatuko den ala ez jakiteko zain daude Xabier Lujanbio (Errenteria-Orereta, 1986) eta Arkaitz Anza (Errenteria-Orereta, 1986). Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urte eta sei urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dieten herriko sei gazteetako bi dira. Gorenean jarritako helegitearen epaia itxaroten ari dira.
2008an atxilotu zintuzteten Segiko kide izatea egotzita, eta oraindik bukatu ez den prozedura batean sartuta zaudete. Nola baloratzen duzue?
Arkaitz Anza: Hasiera batetik komunikabide batzuk sabotajeak egin genituela, eta izugarrizko kale borroka talde bat ginela saldu nahi izan zuten. Gero, ordea, epaiketan zehar ikusi ahal izan da Segiko kide izatea, militantzia politikoa, epaitzen dutela, eta inondik inora ez kale borrokako ekintzak. Argi dago euren helburua zela, prozesua hautsi eta gero, gazteen etorkizuna kolpatzea, eta horrela, eskualdez eskualde sarekadak egiten joan ziren. Egin zituzten hamar atxiloketak aurre ikerketarik gabe izan ziren, eta horren inguruan muntatu zuten operazioa. Hor argi ikusten da bost eguneko inkomunikazio garaia zertarako erabiltzen duten, torturapean euren fartsa horri forma emateko, eta nola probarik ezean erabiltzen dituzten presio eta torturapean sinatuarazi zizkiguten deklarazio eta autoinkulpazioa. Hori da duten froga bakarra.
Xabier Lujanbio: Nire ustez sarekada horrekin ez dute lortu bilatzen zutena. Saldu zuten modu batean, baina azkenean ikusi zen gazte mugimenduaren kontrako eraso bat izan zela erabat. Gu militante politikoak gara eta ginen, eta gu horregatik atxilotu gintuzten. Eta bilatzen zutena zen gurekin egindakoa eskarmentu bat izatea gazteentzat.
Torturak aipatu dituzue. Zertan geratu da salaketa hori?
Anza: Beraiek bost egunez egoeraren jaun eta jabe dira. Bai lehenengo forentsetik pasatzen zarenetik, azkenengo epailera arte, ikusten da denen konplizitateaz nola osatzen dituzten pieza guztiak. Alde batetik, forentseek ez dituzte beren txostenak pasatzen, desagertu egiten dira… Edo beste kasu batzuetan, berriz, bakarrik Donostiako txostenak jasotzen dira, atxilotu eta bost minutura egiten dizuten txostena.
Lujanbio: Azken finean, sistema oso bat dago osatua beraiek nahi dutena lortu arte tapatuko diena. Beraiek dena oso lotua dute gero ezerezean geratzeko. Guk gero salaketa jarri genuen Donostiako epaitegian. Bazeuden forentsearen aurrean salaketa batzuk, baita epailearen aurrean —Grande Marlaska— ere, baina ez zeudenez ez ubeldura, ez kameren frogarik ezta ezer ere, salaketak ez zuen aurrera egin.
Modu prebentiboan egon zineten batzuk espetxean.
Lujanbio: Batzuk bi urtez ere egon ginen. Bi urtetara egiten den prorrogan fidantza jarri ziguten, eta baldintzapeko askatasunean utzi gintuzten.
Eta gero epaiketaren zain.
Lujanbio: Epaiketa izan zen baldintzapeko askatasunean utzi eta urtebetera; atxilotu eta hiru urtera. Bitartean, baldintza batzuk ditugu, sinatzera joan behar dugu, astero edo bi astero, Espainiako Estatutik ezin gara atera…
Espainiako Auzitegi Nazionalak urtarrilean eman zuen epaia. Sei eta sei urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zizuen herriko sei gazteei. Zein irakurketa egiten duzue?
Lujanbio: Gaur egungo egoera politikoan horrelako epaiek ez dutela tokirik. Gu kondenatzen gaituzte Segiko militanteak izategatik, eta guk esaten duguna da militantzia politikoak zilegia izateaz gain, legala izan beharko lukeela. Horrelako epaiketak argi eta garbi dira Euskal Herrian martxan dagoen prozesuaren kontrako eraso berri bat. Azken finean gu ez gara lehenbizikoak; azkenak ere ez gara izango, zoritxarrez. Agerian uzten du gobernuaren itxikeria edo blokeo egoeran jarraitze hori.
Anza: Epaian ere esplizituki azaltzen den bezala ‘nik kondenatu behar dut eta kondenatzen dut honako hau Segiren kartelak jartzeagatik’. Azkenean beraiek ere onartzen dute epaian militantzia politiko hori.
Zuen kasuan esan daiteke garai berrietan errezeta zaharrak erabili dituztela?
Lujanbio: Argi eta garbi dago. Gaur egungo testuinguru politikoan militante politikoak oraindik epaitzeak eta espetxeratzen ibiltzeak ez du tokirik.
Anza: Epaia kondenatzailea izan ala ez herritarren babesak absolbituko gaitu. Espainiako epaitegiek guk kondenatu arren, guk badakigu gure lana zilegia dela, eta egin dugun lanaz harro gaude. Jendearen babesak bultzatuko du estatua horrelako epaiketekin bukatzera. Hor dago gakoa.
Herritar ugarik salatu dute gazte independentistak izategatik epaitu zaituztetela. Gazte mugimendua jazarria dagoela uste duzue?
Lujanbio: Dudarik gabe. Lehen atxilotutakoak orain epaitzen hasiko dira, epaitutakoak kartzeleratzen, baina ez hori bakarrik, egun gazteak ere jarraituak izaten ari dira. Beraz, gazteen kontrako kriminalizazioak bere horretan darrai. Egoerara egokituko da modu batera edo bestera, baina jarraitzen du. Gure epaia ere hori izango da, beste modu bat esateko ‘ikusi horiei zer gertatu zaien mugitu direlako, begira zer duzuen, gera zaitezte etxean’.
Orain, zehazki, Eleak-ek Gure Etxeko Atea Zabalik Dago kanpaina martxan jarri du, nola ikusten ari zarete jasotzen ari zareten babesa?
Anza: Babesa izugarria da; ez orain bakarrik, espetxera sartu ginen lehen momentutik. Asko eskertzen da jendearen konpromiso txiki hori, atxikimendu hori. Detaile txiki horiekin eta jendearen parte hartze eta kontzientziarekin, masa bat garatu da herri harresi hori sortu eta benetan esateko estatuari euren legeek ez dutela hemen tokirik.
Epaiaren zain zaudete. Noizko espero duzue?
Lujanbio: Urriaren 24an izan zen bista gorenean. Abokatuen arabera, ez da asko luzatuko. Edozein momentutan izan daiteke.