Uztaileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean, hamalau puntuko gai zerrenda. Horietatik mamitsuena izan zen Lekuona okindegi zaharra arte eszenikoen zentro berria sortzeko lankidetza hitzarmena berritzea aztertzen zuena izan zen. Horrela, talde politiko bakoitzak planarekiko duen ikuspegia azaleratu zuen.
Uztaileko plenoa
Ezker Anitzako Jose Manuel Ferradasek Udalbatzaren apostua dela gogorarazi zuen, “eta herriaren etorkizuna eraikitzen ari gara”. PPko Chema Herzogen arabera, proiektuak “hasiera batean ilusioa sortu zuen, baina ez dago herritarrekiko gertutasunik”. Horregatik hitzarmena mahai gainean uzteko eskatu zuen, bideragarritasun ekonomikoa aztertzen duen txostena egin arte. Bestelako hitzekin mintzatu zen Maite Peña jeltzalea: “Hitzarmena positiboa da, eta baikor gara Dantzagunea Errenteriara etorri delako. Ez da kasualitatea herri honetara etorri direla, hemengo kultura aberastasunarekin elikatuko baitira”. Aurrekontuak negoziatzeko orduan euren posizioa ere gogorarazi zuen. Gainera, auditorio bat egotea ere herriarentzako positiboa dela gaineratu zuen.
PSE-EEk, berriz, bideragarritasun ekonomikoaren txostena eskatu zuen. Gainera, eraikina “udal eskuetatik probintzialetara pasatuko” dela uste du, eta diru sarrerei buruz bai, baina gastuez ez dela hitz egiten gaitzetsi zuten. Julen Mendoza alkateak erantzun zien: “Zentroak Gipuzkoaren beharrei erantzuten die, eta Euskal Herri osoan erreferentzia izan daiteke, eta nazioarteko sareetan sartu. Aukera hau aprobetxatu behar dugu”. Gainera, sozialistei “gezurra” esatea leporatu zien: “Inork ez du eraikina 2.400.000 eurogatik erosi. Berpartzelazio prozesu bat egon da”. Horrez gain, gauza bat obraren kostua eta kudeaketarena direla argi utzi nahi izan zuen. “Esaten duzue zorrak ditugula, baina udal gobernu honek zortzi milioi eurotan jaitsi du zor bizia”, gaineratu zuen.
Talde politikoen bozeramaleek berriro hartu zuten hitza, eta Ferradasek PP eta PSE-EEri eskatu zien proiektua bere egiteko. Herzogen iritziz, “Dantzaguneak ez die bazkarik emango errenteriarrei”, EAJk kontrakoa pentsatzen duenean. PSE-EEk proiektua auzitara eramatea justifikatu zuen, “gobernuaren kudeaketa onena ez delako”. Mendozak “politikoki ezin izan dituena epaitegietan egin nahi dute”, adierazi zuen. “Guk eredu sozioekonomiko mota bat dugu, eta ez diozue alternatibarik eskaini”.
Horrela, bozketan, Bilduk, Ezker Anitzak eta EAJk hitzarmenaren alde bozkatu zuten, eta PPk eta PSE-EEk kontra.
Bi mozio
Oarsoaldeko Eguzkik Ulia-Jaizkibel itsas erreserbari buruzko mozioa aurkeztu zuen. Aurkezpenean esan zutenez, itsas eremuaren %10ek babestua egon behar du, eta Espainiako Gobernua horretan ari da, Kantabrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan ezik. Horrela, plenoari eskatu zioten gobernuari eremua babes dezan galdegiteko. Bilduk eta Ezker Anitzak alde bozkatu zuten, EAJ eta PP abstenitu eta PSEk kontra bozkatu zuen. Beraz, aurrera atera zen mozioa.
Bigarren mozioa Oarsoaldeko Mugimendu Feministak aurkeztu zuen, eta abortoa zigor kodetik ateratzeko eskaera egiten zuen. Bilduk eta Ezker Anitzak bat egiten zuten edukiarekin. EAJ abstenitu egin zen, abortoaren alde bai, baina epe batzuetan egin behar dela uste dute. PSE ere abstenitu zen eta PPk kontra bozkatu zuen.