Orain dela hiru urteko euriteek, Fanderia eta Oiartzun arteko mugan XIX. mendearen lehen erdian jarri zuten presa apurtu eta desagerrarazi zuen erabat. Orain, arrapala bat egin dute, arrainek presa zeharkatzeko aukera izan dezaten.
Orain dela hiru urteko euriteek, Fanderia eta Oiartzun arteko mugan XIX. mendearen lehen erdian jarri zuten presa apurtu eta desagerrarazi zuen erabat. Berreraikitzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eskatu zion Errenteriako Udalak eta 68.311,40 euro eman zizkion. Iaz, gainera, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Zerbitzuak presa berreraikitzeko proiektua idatzi zuen, 185.644 euroko aurrekontua zuena.
Fanderiako presak arrapala izango du
Luisma Diez Hirigintza eta Mantenu zinegotziak gaur goizean, Fanderian bertan, azaldu duenez, hainbat erakunde eta eragilerekin harremanetan jarri ziren presaren obrak egiteko: URA agentzia, aldundiko Landa Garapenerako saila, Papresa eta ekologistak. Presa berreraikitzean arrapala bat egingo zutela erabaki zuten, arrain espezieek presa zeharka zezaten. Apirilean findu zuten proiektua.
Aldaketa handirik ez
Arrapalak ez du aldaketa morfologiko handirik eragin. 35 metro luze ditu, 19 zabal eta %7ko malda. Arrainek presa zeharka dezaten, arrapala zeharkatzen duen bide maldatsu bat eraiki dute. Presak, ez dirudien arren, lehen zuen altuera bera mantendu du. Ibaiaren ibilgua bere horretan mantentzeko horma egokiak jarri dituzte, eta kokozko geruzaz estali dute.
Arrapala Construcciones Otegi y Gaztañaga eraikuntza enpresak egin du, eta kostea 251.055,25 eurokoa izan da. Finantzazioa honakoa izan da:
- 65.048,42 euro aldundiak, presatik arrapalara pasatzeagatik.
- 92.822 Papresak.
- 93.184,83 euro Errenteriako Udalak.
Uholdeengatik, baina, aldundiak udalaren zatiko 68.311,60 euro ordaindu ditu. Beraz, udalak 24.873,23 euro soilik ordaindu ditu. Horrez guztiaz gain, Fanderiako kanalean ur ibilgua bermatzeko lanak egin dituzte. Diezek adierazi duenez, Fanderiako errota zaharrari “balioa eman” nahi diote, eta energia berriekin zerikusia duen zerbait didaktikoa egin.
Paisaiarako ekintza plana
Ingurumen eta Mendi zinegotzi Jose Manuel Ferradasek jakinarazi duenez, Oiartzun ibaiaren paisaia atontzeko ekintza plana abiaraziko dute urtarrilean. Sei hilabete iraungo ditu idazketak. Kostua 42.500 eurokoa izango da, eta horren zati handi bat —30.000 euro— Eusko Jaurlaritzak jarriko du. “Mota horretako laguntzak lehen aldiz emango dituzte”, esan du Ferradasek, “eta laguntza jasoko duten hamahiru udaletatik, Errenteriakoa da diru gehien jasoko duena”.
Ibaia bere osotasunean —presatik porturaino— hartuko duela nabarmendu du, eta herriko hainbat eragilerekin harremanetan jarriko direla adierazi du.