Agintaldirako oinarri politikoen aurkezpena egin zuten atzo EH Bildu eta Irabaziz-ek, ekitaldi publiko bateratuan
Mendoza eta Collar, akordioa herritarrei eskaintzen
Ikusmin handia zuten ehunka herritar hurbildu da Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokira. Izan ere, Orereta-Errenteriako EH Bilduk eta Errenteria Irabaziz-ek 2015-2019 agintaldirako oinarrien akordioa aurkeztu dute gaur arratsaldean, ez ohiko agerraldian. Ez dira usu ikusten bi talde politiko elkarrekin agerraldi bateratua eta publikoa egiten.
Irabaziz-eko Nagore Basurtok egin ditu aurkezpen lanak. “Eraldaketa sozial eta politikoaren aldeko” akordioa dela ziurtatu du, eta ildo horretan, gizarte “bidezkoagoa eta babesgabeenak babesten dituena” bilatzen dute. Gobernagarritasun ituna izango da, baina bi alderdiren batura soilik ez dela izango berretsi du: “Errenteriaren alde egiten dugun etorkizuneko apustua partekatzen duen gehiengoaren batura izan nahi dugu”.
Tokiko zein testuinguru orokorrari begirada eman dio Basurtok, eta gizartea alde askotako krisian murgilduta dagoela uste dute: politikoa, lurralde ereduarena, ekonomikoa eta soziala. Horrela, koalizio soberanistak zein ezkerreko hautesle elkargoak herritarren interesak zein interes publikoa defendatzearen aldeko apustua egiten dute, “eliteen demokrazia” bazterrean utzita. “Aurreko egoera batekiko haustura sendotzeko” aukera dagoela uste dute, “nortasun ezberdinak egon arren, gehiengo bat dago egoera irauli nahi duena”. Pertsonen zein herrien erabakitzeko eskubidea jarri dute erdigunean, eta partaidetzan sakonduko dute.
Printzipio eta konpromisoak
“Irauteko” asmoz hitzartu dute akordio estrategikoa, “eraldaketa politikoa eta soziala sortzeko gunea” sortu nahi baitute. Egungo sistema politiko, ekonomiko zein soziala atzean uzteko “egiturazko aldaketa” behar dela iritzi dute. Gainera, euren printzipioen artean kalitate oneko zerbitzuen eskaintza dago, baita herritarren partaidetza oinarritutako gizarte ere.
Horretarako, hainbat konpromiso hartu dituzte EH Bildu eta Errenteria Irabaziz-ek. EH Bilduko Garazi Lopez Etxezarretak azaleko errepasoa eman die. Alde batetik, aurreko agintaldian martxan jarri zuten Errenteria 2025 plan estrategikoa sustatuko dute. Gainera, administrazio “gardena eta eraginkorra” lortu nahi dute. Besteak beste, herritarrei arreta emango dion leihatila bakarra abiaraziko dutela iragarri dute.
“Giza duintasunak” nagusitasuna izango du euren ekinbide politikoan, eta horregatik, “pertsonek eta pertsonentzat pentsatutako hiria” osatu nahi dute. Konpromiso horren baitan hainbat azpiatal daude: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak bermatzen jarraituko dute; etxe kaleratzerik gabeko hiria lortu nahi dute eta etxe hutsak alokairuan jartzeko plana abiaraziko dute.
Horrez gain, lankidetza komunitarioa sustatuko dute —Iztietan martxan jarri zen esperientziari segida emanez—. Kalitate oneko hezkuntzan sinisten dutela baietsi du Lopez de Etxezarretak, eta kulturari dagokionez, Beraun, Galtzaraborda eta Kaputxinoetarako Kultura Etxea sortuko dutela jakinarazi dute. Gazteriak ere protagonismoa izango du, eta euren parte hartzearekin plan estrategikoa garatuko dute. Prebentzioan oinarritutako Udaltzaingoaren ereduan mantenduko dutela gehitu du.
Collar: “Aukeren leihoa zabaldu da”
Ion Collar Irabaziz-eko zerrendaburuak hartu du jarraian hitza. Errenteria Irabaziz-en ibilbide —oraindik— laburra azaldu du, eta udal politikaren “ikusle soilak” izango ez direla ziurtatu du. “Aukeren leihoa zabaldu da, baina ez bakarrik EH Bildu eta Irabaziz-entzat, Errenteria osoarentzako baizik”, esan du Collarrek. Horrela, euren lana gaurko ekitaldia bezalakoa izango dela iragarri du, “irekia eta gardena”. Udal gobernua osatzeko negoziazioetan hasi zirenean argi zuten “egoera zehatzentzat, ekintza zehatzak” behar zirela, eta hori hala izatea ahalbidetuko duela akordioak, eraldaketa bidean. Gainera, herritarrei zein elkarteei euren ekarpenak egitera gonbidatu ditu.
Atrilera hurbildu zen azkena Julen Mendoza jarduneko eta hurrengo alkatea izan da. EH Bilduren zerrendaburuaren arabera, “egun handia” izan da gaurkoa: “Ez da gure herriaren historia hurbilean bi indar politiko aurrerakoi batzen dituen horrelako ekitaldirik egin. Umiltasun osoz eta handikeriarik gabe, harrotasunez esan dezakegu gure herrian historia egiten ari garela”.
Zehaztu du “erabaki garrantzitsuak” hartu behar direla “krisi sistemikoari aurre egiteko”. Onartu du EH Bilduk eta Irabaziz-ek ezberdintasunak dituztela, “baina batzen gaituzten arrazoiak gehiago eta indartsuagoak dira”. Horietako nagusienak zerrendatu ditu: “Herritarren eta herrien eskubideen defentsak, bestelako gizarte eredu baten aldeko defentsak, herritarrak protagonista izango dituen eredu politiko baten defentsak”.
Adostasunera “ardura politikoak” iritsarazi ditu. Krisi testuinguruak horretara bultzatu ditu, eta zehazki, Errenteria-Oreretan dagoen “aldaketaren aldeko gehiengo soziologikoak”. Gehiengo hori zabaldu nahi dute, eta akordioa “kudeaketa hutserako” ez dela nabarmendu du Mendozak. “Hurrengo lau urteen bermea pertsonengan dago, bidea egitea baita garrantzitsuena, Itakarako bidea”. Ziur dago akordioa erasotuko dutela, “eta horren aurrean aldebiko konfiantza da gure arma”. Bi proiektuen “indarrean” sinisten duela argi eta garbi utzi du.
Ondoren, zerrendaburu biek akordioa sinatu dute. Baina ez dira bakarrak izan: bertara hurbildu diren hamarnaka herritarrek ilara egin dute euren sinadura gehitzeko. Datorren agintaldia hastear da.
Akordio osoa
estekan klik eginda deskargatu daiteke.