EH Bilduren eta Errenteria Irabaziz-en botoak jaso ditu Mendozak; PSE-EEko hautagaiak bere zazpiak eta EAJk zurian bozkatu du
Julen Mendoza, aginte makila berriro hartuta
Julen Mendoza EH Bilduko zerrendaburua izango da beste lau urtez Errenteria-Oreretako alkate. Bigarren agintaldi baterako —eta azkena, kargua hartzean iragarri duenez— hautatu dute gaur eratu den udalbatzako zinegotziek. Duela lau urte baino boto gehiago jaso ditu, gainera. Izan ere, orduan bera buru duen koalizioaren zortzi botoak eta Ezker Anitzako zinegotziarena jaso zituen. Gaur gehiengo osoa lortu du: soberanisten zazpi botoez gain, Errenteria Irabaziz-en ezkerreko hautesle elkargoaren lauak jaso ditu. PSE-EEko zerrendaburu Jose Angel Rodriguezek bere alderdiaren zazpi botoak bildu ditu, eta EAJko hiru zinegotziek zurian bozkatu dute.
Lasai joan da plenoa, eta 11:00 pasatxo zirela hasi da. Ordurako areto plenoa goraino beteta zegoen, eta herritarrak ere hurbiltzen hasi dira arkupetara, pantaila bidez plenoa jarraitzera. Adineko mahaia osatu dute lehendabizi, Irabaziz-eko Jose Cruz Legorburu presidente eta PSE-EEko Iñaki Ruiz presidenteorde zirela. Gainontzeko hemeretzi zinegotziek euren aktak jaso dituzte, banan-banan, abizenen ordena alfabetikoa jarraituz.
Ondoren, zinegotziek euren kargua zin egin dute. PSE-EEko zazpiek zein Irabaziz-eko Nagore Basurtok baiezko soila eman dute, eta gainontzeko zinegotziek “legeak hala behartuta” zin egin dute. Udalbatza eratuta, EH Bildu eta PSE-EEren alkategaiak aurkeztu dira, Irabaziz-eko eta EAJko zerrendaburuek euren burua aurkezteari uko eginda. KOntaketan ari zirela, Mendozaren aldeko boto bakoitza poz oihuekin agurtu dute arkupetan zeuden herritar askok.
Mendoza: “Garai berria hasi da gure herrian”
Aginte makila hartu baino lehen, hitz batzuk esan ditu alkate karguan errepikatuko duen Mendozak. Lehenik eta behin, pleno aretoan, kalean eta streaming bidez jarraitu duten herritarrei eskerrak eman dizkie, “jarritako interesagatik”.
Mendozak “miresten” duen Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak bere agintaldiaren azken egunean esandako hitzak gogorarazi ditu. Egoismo naturalaren eta elkartasunaren arteko borroka aipatu du: “Egoismo naturala naturak eman digu, gure eta gure ingurukoen bizitza babesteko. Jakin dezagun elkartasuna dela gure espeziea epe luzera babestea. Egoismoa, gure eta maite ditugunak babesteko da. Eskerrik asko herria, zure besarkadengatik, zuen kritikengatik, zuen adiskidetasunagatik, bakarrik sentitu naizen aldiro. Bi bizitza banitu, jakin ezazue herriaren borrokei laguntzeko xahutuko nituzkeela. Ez noa, iristen ari naiz. Azkeneko hatsarekin joango naiz, eta naizen tokian egonda, zuekin, zuengatik egongo naiz. Bizitzarekin egoteko modu gorenena delako”.
Mujicaren hitz horiek laburbildu dute alkateak “sentitu, pentsatu eta esan” nahi duena. Berarekin lau urtez egon eta egongo direnek, euren familiaren bizitza defendatzen saiatu direla argi utzi du, “kausarik gorenena familia babestu eta maitatzea” delako. Horrek bigarren arrazoiari, elkartasunari, heltzea eramaten dituela esan du Mendozak.
Beste uruguaiar batek, Eduardo Galeanok, esandakoak izango da udal gobernu berriaren itsasargia: “Giza espeziaren duintasunaren bilaketaren bidea da. Utopiek ibiltzeko balio dute, bidea, eta ez helmuga, delako gure kausaren gauzarik garrantzitsuena”. Kausa hori “siglen gainetik” dagoela esan du alkateak, eta gaurko plenoa zein ostegunean EH Bilduk eta Irabaziz-ek egin zuten ekitaldi bateratua “gure herriaren historian mugarri” izango direla uste du.
Pasa den lau urteetan “aldaketa” ekarri dutela gaineratu du, eta horregatik eskerrak eman dizkio “bidelagun eta, batez ere, lagun” izan duten Ezker Anitzako Jose Manuel Ferradasi. Hasi berri den agintaldi berrian bakegintzan orain arte egondako kontsentsua “edo are handiagoa” egotea espero du, eta egindako lana eskertu die gainontzeko talde politikoei. “Dagoen sufrimendua bukatzea nahi dut, eta horretarako konpromiso handiagoak hartu behar ditugu”, esan du.
Horrez gain, amets bat duela jakinarazi du Mendozak: “Gustatuko litzaidake amets bat errealitate bihurtzea: bada Euskal Herrian masa kritiko bat, gehiengo sozial zabal bat, sakoneko aldaketak eskatzen dituena, eta pertsonen eta herrien herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen dituena”. Gehiengo hori ordezkatzen duten indar politikoak badirela esan du, eta gaur Errenteria-Oreretan egon den argazkia Euskal Herri osoan errepikatzea espero du. Bukatzeko, bozkatu dietenei, EH Bildu eta Errenteria Irabaziz-eko kideei eta herritarrei eskerrak eman dizkie: “Gure eguna iritsi da, garai berri bat hasi da gure herrian”.
Txalo zaparrada artean hartu du aginte makila, eta ondoren, eskuan zuela atera da Mendoza balkoira. Herriko Plazan ziren hamarnaka herritarrek ere txalo artean hartu dituzte alkatea zein gobernukideak.