Gurpildun aulkian jokatutako tenis partida antolatu dute larunbaterako
ATG elkarteak eta Ereintzak antolatu dute partida, Mindara elkartearen eta kirol patronatuaren laguntzarekin
Beraungo erabilera anitzeko pistan tenis partida berezia antolatu dute Gipuzkoako Teniszaleen Elkarteak eta Ereintza Eskubaloiak larunbat honetan, 18:00etatik aurrera. Izan ere, gurpildun aulkian joango dira kirolariak. Eneko Millan eta Patxi Fadriquek emango duten erakustaldia antolatzeko lanetan, Mindara elkarteak eta Errenteriako Udal Kirol Patronatuak hartu dute parte. Tenis mota honetan pilotak bi aldiz punpa egin dezake.
Fadriquek 2004an izan zuen istripua, eta hurrengo urtean saskibaloian jokatzen hasi zen, baina kirol ugari praktikatzen hasi zen. Duela bost urte hasi zen tenisarekin, eta Euskadiko selekzioarekin estatuko txapelketan laugarren izatea lortu du. Millan eta Fadriqueren arteko partidaren ondoren, Oscar Parrondok eta Ivan Jimenezek 1966 baino lehenagoko erraketak erabiliko dituzte. Gero erraketa probatu nahi dutenek hartzeko aukera izango dute.
Gainera, ikusleentzako jokoak ere egingo dituzte larunbatean. Horrela, zerbitzua egin eta sake koadroan egongo diren pilota poto batzuk bita beharko dituzte. Sei zerbitzurekin pilota poto gehien botatzen dituena izango da irabazlea. Sarrera doakoa izango da.