Topagunea sortu dute sanferminei begira
Balore euskaldun, parekide eta parte hartzaileetan oinarritutako gunea izango da; zumardian atonduko dute, besteak beste, Basari elkarteak, AEK-k eta Harremantxok bultzatuta
Topagunea. Horixe Antxoko hainbat eragilek aurtengo sanferminetarako antolatuko duten guneari jarri dioten izena. Azaldu dutenez, “txosna bakar bat izatetik harago, gune bat izan nahi du” espazioak, eta horregatik jarri diote , TOPAgunea izena “herritar ezberdinen topaleku” izatea nahi dutelako, “elkarrekin topa” egiteko. Antolakuntzan oinarritutako mugimendu “herrikoi, alai, indartsu eta itxaropentsu moduan” ulertzen dute Topagune bere bultzatzaileek eta “hori bultzatu zein bizitzearen aldeko apustua” egingo dutela iragarri dute. “Pasai Antxori jaietan ekarpena egiteko gogoa eta energia piztu zaigu. Kaletar gisa, kalea hartu eta betetzeko asmoa daukagu San Fermin hauetan”, esan dute. Hori dela eta “balore euskaldun, parekide eta parte hartzaileetan oinarritutako gunea” sortuko dute zumardian. Txosna Batzordearen ekimenez sortutako egitasmoa da, eta besteak beste, Basarik, Harremantxok eta AEKk bultzatuko dute. Aurtengo berritasuna izanik “musika eta egitarau xume batekin” emango diote hasiera egitasmoari, baina egitasmoa etorkizunari begira sortu da, eta horregatik aurten biltzen duten dirua egitasmoa indartzera bideratuko dute, “helburua ez delako inondik inora dirua biltzea, herriari sumatutako hutsune hori eskaintzea baizik”.