Orereta Zutik-ek gaur arratsaldean batzarra eta kalejira koloretsua egingo ditu. Oiartzun Zutik astelehenean elkartuko da.
Orereta Zutik berriz aterako da plazara.
Donostiako Gipuzkoa plazan sortu zen mugimenduak, hiriburuan erraiak bota ondoren, herrialdeko udalerrietara zabaltzen ari da bere adarrak. Errauste plantaren kontrako giza katearen ondoren kanpaldia egin zuten plaza horretan, eta hainbatetan mugiarazi dituzte. Mugimenduaren logoak zuhaitz bat —eta ukabil itxia— irudikatzen badu ere, Gipuzkoa Zutik-en antolatzaileek jakinarazi zuten “ura bezala” mugituko direla.
Horrela, jendartearen %99 direla aldarrikatzen duen mugimendua olatua bezala iritsi da Oarsoaldera. Orereta Zutik sortu dute, eta dagoeneko bildu dira behin baino gehiagotan Gamon Zumardian. Gaur dute beste hitzordu bat: 19:00etan geratu dira zumardian bertan, batzarra egiteko, eta ondoren kalejira koloretsua egingo dute.
Olatuak aurrera egin du, eta Oiartzun ere zipriztinduko du. Oiartzun Zutik-ek asanblea irekia egingo du datorren astelehenean —hilak 20—, 19:00etatik aurrera. Mugimenduaren aldarrikapenetako bat plazak hartzea denez, horri jarraitu eta Doneztebe plazan geratu dira.