Ekintza Plana abiarazi nahi dute, eta horretarako herrik merkataritzaren egoerari buruzko mapeoa egingo dute.
‘Merkataritza ttikia indartuz, herri bizitza ureztatu’ izango da prozesuaren leloa.
Oiartzungo Udalak merkataritza txikia suspertu nahi du, eta horretarako ekintza plana martxan jartzeko prozesua abiaraziko dituzte. Aztikerren eta Hiritik Aten laguntza izango dute horretarako.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa Jexux Leonet alkateak, Eneritz Arbelaitz alkateordeak eta Ainhoa Retegi eta Iker Eizagirre Hiritik At-eko teknikariek. Azaldu dutenez, plana osatzeko merkatari eta herritarren ekarpenak hartuko dituzte oinarritzat. “Oiartzuar guztioi eragiten die honek, merkataritza txikia ezinbesteko baldintza baita herri bizia edukitzeko”, gaineratu dute. Horregatik, Oiartzunen negozioak dituztenei zein gainontzeko herritarrei gonbita luzatu diete, prozesuan parte har dezaten.
Lehenengo fasean murgilduta daude, eta bertan merkatari txiki guztiekin bilduko dira, eta herritar talde bati inkestak egingo dizkiete. Fase horrekin bukatzeko, mapeo kolektiboa egingo dute datorren larunbatean. Horrekin, herriko merkataritza txikiaren indarguneak, ahulguneak eta mehatxuak identifikatuko dituzte, merkatari, elkarte, kontsumitzaile eta bestelako eragileekin.
Larunbateko saioa “erraz eta dibertigarria” izango dela ziurtatu dute. Taldeka, Oiartzungo mapa handi baten laguntzarekin tokiko merkataritza eta herri bizitza suspertzeko bideak aztertuko dituzte.
Bigarren fasea, azarotik aurrera
Bigarren fasea azaroan hasiko da. Hil horren 9an eta 23an foro irekiak egingo dituzte, planaren lerro nagusiak definitzen hasteko. Bi bilkurak Manuel Lekuona Bibliotekan izango dira, 20:00etatik aurrea.
Bukatzean, prozesu horretatik ateratako ondorioak herritarrei jakinaraziko zaizkie abenduaren 17an.