“Momentu honetan jaso egin behar dugu, ez inori ezer kontatu”

arraztalo

Jon del Olmo, Javier Mazizior eta Pedro del Olmo.

 

 

 

 

 

 

 

 

Del Olmotar aita-semeek urteak daramatzate gaixo psikikoak dituztenentzako Arraztalo elkartean, Oiartzunen. Mazizior Aldura sortu berrian dago. Tailerrak antolatu dituzte Oarsoaldeko herrietan.

Lehen hitzaldiak egiten zenituzten. Orain tailerrak egingo dituzue. Zergatik jauzi kualitatibo hori?
Pedro del Olmo: Formatua aldatu nahi dugu. Farapi aholkularitzak dinamizatuko du.

Jon del Olmo: Arraztalo elkartea sortu zenetik urtero hitzaldiak antolatu ditugu, baina psikiatrak-eta ekarri ditugu, eta termino oso teknikoetan mugitzen dira. Gerturatzen den jendea senideak edo interes berezia dutenak dira. Gaia, publikoki, zaila denez, oso kontzientziatua joaten zara eta galdera konkretuak egiten dituzu, bestela gaia ez da irekitzen. Zerbait desberdinaren beharra ikusten genuen.

Gaixotasun psikikoak dituzten senideez gain, gainontzeko herritarrak zein erakundeak ere gonbidatu dituzue.

Javier Mazizior: Bi ildo ditu gai honek: ezaugarri medikuak eta sozialak. Bigarrena oso potentea da. Pertsona horiek zein baldintzatan bizi diren, eta gizarteak nola hartzen dituen bere gain. Administrazioa horren parte da. Haiengana joaten garenean, ez dute arazoa ulertzen. Kontzeptu sozial hau gizarteratu nahi dugu.

Erreminta da, psikiatra bat etorri beharrean, tailer bat antolatuko dugu. Administrazioaren barruan dauden teknikariak, zinegotziak, alkateak eta abar.

Inbolukrazioa falta dela esan duzu. Zeri buruz ari zarete?
Pedro: Oiartzunen, udalaren inplikazioa oso handia dela. Baina inplikazio hori monetarioa da. Baratzeak ere lortu ditugu bide horretatik.

Oarsoaldeko udalentzat, oso berria da gai hau. Errenteriako gizarte zerbitzuetan pare bat aldiz egon gara, eta, bai, ongi iruditzen zaie, baina horra arte. Horregatik antolatu ditugu tailer hauek, egoerari buelta emateko.

Gu edozertarako irekiak gaude. Gure senideak herritarrak dira, baina ikusezinak dira, ez dira existitzen. Zerbait oso larria gertatzen denean agertzen dira: hilketa bat dagoenean, eskizofrenikoa dela nabarmentzen da. Ez markatu horrela!

Jon: Aldundian eta udaletan, adinekoen arreta lantzen dute. Gaixo psikikoen arreta, baina, oraindik ez da udaletara iritsi ia. Duela urte batzuk egon zen saiakera bat, Oarsoaldea agentziarekin eta udalekin; Ahalbide programa. Bizpahiru politikariren ahalegin pertsonala izan zen. Gaia udaletara ekarri nahi dugu, eta lanaren bitartez, gizarte integrazioa bilatzea da helburua.

Sozialki ere estigmatizatuta daude?
Mazizior: Beno, hor egin behar dena da ikerketa soziologiko bat. Azkenean, pertsonak errekuperatzeko, dinamika sozio-laboralak behar dira. Beharrezkoak eta garrantzitsuak dira gaixotasuna gainditzen laguntzeko, baina ez dago programarik ez Lanbiden ez udaletan. Hutsune handia dago. Erakundeetara joaten bazara, ez dakite zeri buruz ari zaren. Beren eskuetan irtenbidea izan dezaketen pertsonentzako ere dira tailerrak.

Arraztalo izan daiteke horren adibide.
Mazizior: Bai, garrantzitsua da, baina dimentsio txikia du. Kontua da: persona horiek sar daitezkeen enpresa batean, duten profilarekin? Dinamika propioa behar dute. Noren esku dago? Hor daude Lanbide, Oarsoaldea edo udalak, baina ez dago programa bat. Nola aurre egiten zaio horri? Zein baldintzatan? Zenbateko autonomia izango dute?

Pedro: Profil horretako [eskizofrenia arina dutenak] jende gutxi dago lan munduan. %14 bakarrik dira. Errentagarriak izan behar dute. Ostrazismo horretatik ateratzeko esfortzu bat behar da. Ezer egiten ez badute, ez dira dauden tokitik aterako.

Gu boluntarioak garela diote. Ez. Senideak gara, eta behartuta gaude horrekin bizitzera. Tailerretan gizartearekin ditugun esperientziak partekatu nahi ditugu, ondorioak atera eta proposamen hori aldundira eraman.

Mazizior: Zenbat I+D dago gaixotasun horiek ikertzeko? Eta irtenbidea aurkitzeko? Non? Noiz? Zer dakigu horri buruz? Edozein gaixotasuni buruz ari naiz. Ez dagoela dirurik? Noski badagoela dirua. Kontua da non jartzen den diru hori. Gizartea bi abiaduratan bizi da. Lehenengo abiaduran doazenek AHT, superportua, erraustegia, topoa hondartzara… horiek dena nahi dute. Bigarren abiaduran joatea tokatzen bazaizu, nahiko gordin edukiko duzu. Gandhiren esaldi egoki bat badago: ‘Modu sinplean bizi, sinpleki beste batzuk bizi daitezen’.

Jon: Foro bat sortu nahi dugu, hainbat sektore elkartuko dituena, gaiari buruz hitz egiteko aitzakia jarrita. Era dinamiko batean: adibideak jarriko ditugu, gaixotasun psikikoak dituzten pertsonenak. Tailer horretatik aurrera elkarlanean aritzeko aukera ateratzen bada, hobeto.

Zentzu bakarreko elkarrizketa izan beharrean, zerbait horizontala bilatzen duzue, alegia.
Jon: Bai. Gaia gizarteari irekitzea da.

Mazizior: Garrantzitsua izango da bilera bukatzean, noren esku geratuko den gaiari heltzea. Politikarien esku geratuko dira planteatuko diren dinamikak. Familien kasuan, horrelako talde bat sortzen bada, hori indartzea izango da zeregina.

Pedro: Badirudi gai samurra dela, baina Gipuzkoan 22.000 lagunek jasotzen dute tratamendua osasun zentroetan. Errenterian 1.189, Lezon 155, Oiartzunen 172 eta Pasaian 445. Guztira, 1.961 joaten dira Beraungo Buru Osasun Zentrora. Oarsoaldeko populazioaren %2,99 da.

Jon: Horiek diagnostikatuak daudenak dira. Badago jendea etortzen dena esanez ez duela lortzen bere senide bat medikuarengana joatea. Orduan, ezin dute gizarte zerbitzuetara joan eta diru laguntzaren bat eskatu. Hala ere, datu horiek mahai gainean jarri nahi ditugu, xehetasunak ikusteko, ez izateko zerbait astuna.

Gaixotasun psikologikoena mundu abstraktu bat dela dirudi. Ez dakit jendeak badakien anbulatorio normalera ez zoazela tratatzera. Detaile bat da hori. Beste bat: zure familia medikuak agian ez du sarbiderik zure gaixotasun psikikoen historialera.

Pedro: Beste detaile bat: Lanbiden ez daude erregistro berezi batean sartuta.

Gainontzeko langabeekin daude?
Pedro: Lanbidek eskutitz gutxi bidaltzen ditu lan eskaintzekin… baina jaso dezakete ikastaro bat egiteko gutun bat, edo lanpostu baterako. Hala ere, ez dituzte beren ezaugarri bereziak kontuan hartzen, eta hori ez da posible.

Jon: Alde batetik, ongi dago, bizitza normalizatua daukan batek jaso dezakeelako informazioa, hautaketa prozesua pasatzen dute eta lan egiten dute. Denak ez daude egoera berean, eta hor sortzen da arazoa. Arraztalon dugun prozesua erraza da: gizarte zerbitzuetara joaten gara baliabideak ditugunean, hautagaiak pasatzen dizkigute, Beraunera joan, eta guk kontratatu egiten dugu. Irizpide pertsonalak kontuan hartzen ditugu.

Mazizior: Lehen esan dut, baina ikerketa soziologiko bat egin behar da eskualde honetan. Zertan aritzen dira? Zein behar dituzte? Zenbat emakume daude? Zenbat gizon? Etxea daukaten, ez daukaten, diru sarrerak…

Pedro: Ia 2.000 pertsona daude Oarsoaldean eta ia ez dakigu ezer ere ez eurei buruz.
Eta datu horiek transbertsalak izatea.

Jon: Mila ate jo ditugu guk. Lan mundua Lanbidek eramaten du. Arreta soziala, aldundiak. Gertuagokoak dira udalak. Gainera, hemen ere Oarsoaldea daukagu. Gauzek funtzionatzen dute, ados jartzen direnean; Ahalbidek erakutsi zuen hori.

Tailerrekin lortu behar duguna da hemen kontatzen dugun hau kontatzeaz gain, iritzi horiek guztiak jasotzea. Badirudi askotan gauza arraroak planteatzen ditugula. Iritzi ezberdinak jaso eta datuak eman nahi ditugu.
Ez dugu senideen terapia talde bat bihurtzea nahi, ezta gu inorengana joatea zer egin behar duen esatea. Zerotik hasi behar da.

Inflexio puntu bat izatea.
Pedro: Guk momentu honetan behar duguna da jasotzea, ez inori ezer kontatzea. Agian gu oker gaude, eta planteatzen duguna ez da posible? Bada bihar bertan itxiko dugu txiringitoa

Mazizior: Enplegu zentro bereziak lortzea da beste helburuetako bat. Asko errazten dituzte horrelako pertsonentzako dinamikak. EAEn duela lau urte jaso zen transferentzia, baina ez da martxan jarri. Hutsune legala dago.

Zeintzuk dira abantailak?
Jon: Forma juridiko bat da, horretarako prestatuta dagoena. Eskubide bereziak ematen ditu. Eusko Jaurlaritzak ordaindu egiten die forma horretan sartuta dauden elkarte edo zentroei, diru laguntza bitartez: soldataren erdia ordaintzen du eta gizarte segurantza osoa. Guk egiten dugunarentzako prestatutako egitura bat da. Esaten dugunean bi pertsonen lana egiteko lau behar ditugula, desberdintasun hori gaixoak bere gain hartzera behartzen du administrazioak.

Guk zorte txarra eduki dugu,  transferentzia aldaketa batean harrapatu gaituelako. Nafarroara edo Kantabriara jo beharko genuke.

Pedro: Gureak-ek, adibidez, forma juridiko hori du, baina eskumena Madrilek zuenean osatu zen. Guk, gizarte segurantzan bakarrik, hilero, 2.300 euro ordaintzen ditugu. Dirutza da.

 

“Lan egitea beren tratamenduaren parte da”

Badirudi Arraztalok arrakasta duela kontsumo taldearekin.
Jon: Arrakasta kanpora begira. Barruan arazoak ditugu: gure aurrekontuaren laurdena urtero hutsik dago. Hori da egunerokoa. Kanpora begira, bai, baina konpromisoa behar da hori aurrera ateratzeko. Daukagun beste zailtasunetako bat da mikronizatzea egozten digutela.

Pedro: Baina langile batek arazoak dituenean, ondoan edukiko du bere familia.

Mazizior: Errealitatea ikustean, gaixoak beren familien menpe bizi dira. Gizarteak ez du bere ardura asumitzen. Familiaren eskuan egon behar du bakarrik ala gizartearenean ere? Baliabideak jarri behar dira.

Ahalbideren ondorioetako bat izan zen langileek beren burua errealizatuagoa sentitzen zutela.
Jon: Beste alternatiba ezereza zen… Zailtasunak ditugu ikustarazteko lana dela hobetzeko erreminta bat, ez dela lan egiteagatik bakarrik. Beraien botikaren parte da. Horregatik hartu behar dugu beste modu batera. Ez dugu pentsatu behar guztiz produktiboa izango dela.

Pedro: Kronifikatzen ari dira. Ikasketak utzi, proiektuak ez dira aurrera ateratzen… Erori egiten dira zulo beltzera eta Arrasaten bukatzen dute, edo etxean, erabat galduta. Erresidual deitzen dietenak bilakatzen dira, eta ez dute atzera bueltarik. Bai, botikak ematen dizkiete: injekzio bat hamabostero eta kontsulta bat hiru hilero. Eta kito.

Mazizior: Gu ezin gara mundu horretan sartu, baina errealitatea hori da. Hiru hilabetean behin kontsultatik pasa, eta aurrera. Ezegonkortasunaren barruan egonkor dagoela jakiteko bakarrik balio du horrek. Valladoliden badago programaren bat: Tratamendu gutxiago, tratu gehiago. Hemen alderantziz da.

Pedro: Oso engainagarria da, Javier [Mazizior]. Kontsultan galdetzen diete zer moduz dauden, eta erantzuten diete ‘ongi’. Bestela, injekzio bat beharrean, bi izango dira. Eta batekin groggy geratzen bazara, birekin…

Beste kontu bat dago hor: psikikoki ikusten dute, baina fisikoki ez. Bi langile hil zaizkigu bihotzekoak jota. Trauma daukagu, eta gure langileek batez ere: ‘Botika hau hartzen dut, bestea…’. Beldurrez daude. Gure langileek, behintzat, urtean behin azterketa medikua pasatzen dute.

…baina langile direlako.
Pedro: Bai, horregatik.
Mazizior: Nik aldarrikatzen dudan ikerketa soziologiko horretan datu pila bat aterako lirateke. Gertatzen dena da normalean hamar-hamabi urte gutxiago bizitzen direla. Ez hori bakarrik: zenbatek egiten du bere buruaz beste? Lau suizidiotatik hirutan arazo mentalak daude tartean. Eta zenbat jende egongo da kartzelan egon behar ez duena? Edo Oreretan edo Donostian, kalean, edozein modura bizitzen… Ikusten dituzun horietatik askok buruko arazoak dituzte.
Jon: Informazioa jaso, foro bat sortu, eta ahalik eta jende gehiena hurbiltzea izango da gure helburua. Askotan, erakundeetatik ez dira etortzen egurra jasotzeko beldurra dutelako. Ez da gure asmoa.

Mazizior: Horiek etortzea nahi dugu, hurrengo egunean haiengana joaten bagara, behintzat badakite zeintzuk diren gure proposamenak.

Jon: Gauzak aldatuko dira herritarrak mugitzen hasten direnean.

  • Oiartzun: azaroaren 3an, 18:30ean, Bibliotekan.
  • Errenteria-Orereta: azaroaren 10ean, 18:30ean, Merkatuzarren.
  • Lezo: azaroaren 24an, 18:30ean, Kultur Aretoan.
  • Trintxerpe: abenduaren 1ean, 18:30ean, alkateordetzan.
Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend