Kultur agenda oparoa antolatu dute astebururako. Euskal liburu eta disko azoka, San Tomas feria, Gabonetako kontzertua eta antzerkia antolatu dituzte.
San Tomas lezon
Ekintza ugari antolatu dituzte asteburuari begira Lezon adin guztietako herritarrei begira, eta ez dute beraz aspertzeko aukerarik izango. Musika, azoka, antzerkia eta San Tomas feria, besteak beste. OrriBakar literatur lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute bihar, 19:00etan, Andreone liburutegian.
Larunbatean, berriz, Tomas Garbizu Musika Bandak Gabonetako kontzertua egingo du 12:30ean hasita Gezala auditorioan. Musikak beste zita bat izango du larunbatean, izan ere, kantu jira egingo dute 18:00etatik aurrera. Euskal liburu eta disko azoka bisitatzea izango da beste aukeretako bat. Joan den astelehenean zabaldu zuten eta hilaren 24ra arte 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara lezoarrek Gabonetako opariak erosteko aukera izango dute bertan.
San Tomas azoka igandean
San Tomas eguna ospatuko dute igandean lezoarrek. 11:00etan hasita, goiz osoan zehar kalejirak, azoka, euskal produktuen salmenta eta herri dantzak izango dira Saldise plazan zein herri osoan zehar. Arratsean, berriz, antzerkiak hartuko dio lekukoa asteburuko kultura agenda oparoari.
Amodioaren ziega antzezlana hartuko du Gezala auditorioak 20:00etan.