"Isilarazi nahi dutena ozen oihukatzen ari gara"

Plenoak baietza eman dio Demoarsoren galdeketari

EAJk, EH Bilduk eta Pasaiak Ahal Du-k alde bozkatu zuten; kontra PSE-EEk

plenoa, demoarso

Azkeneko bi hilabeteetan herritarrez lepo egon da plenoa.

Hiru mozio aurkeztu zituzten atzo Pasaiako plenoan, eta horietatik batek bakarrik egin zuen aurrera, Gure Esku Dago-rena, Demoarsok martxoaren 19rako antolatutako herri galdeketari babesa agertzekoa. EAJren, EH Bilduren eta Pasaiak Ahal Du-ren aldeko botoekin onartu zuten. Kontra bozkatu zuen PSE-EEk, alderdi sozialista autogobernuaren aldekoa dela defendatuta. Abstenitu egin zen atxiki gabeko zinegotzi Manuela Nicolas. Erdibidean geratu ziren Stop Kaleratzeen eta Zoru klausulen gaineko beste bi mozioak. Testuak bere horretan ezin zituztela babestu argudiatuta, ordezko mozioak aurkeztu zituen EAJk eta PSE-EEk, eta bi kasuetan, ordezko testuak atera ziren aurrera, gobernu taldeko bi alderdien babesarekin. Lizentziari baietz Atzo berriz ere lepo izan zen pleno aretoa. Beren mozioen defentsan han izan ziren Gure Esku Dago iniziatibako kideak, baita Stop Kaleratzeak plataformako kideak ere. Beraiekin batera Trintxerpeko sutean etxean galdu zuten bizilagunek, beste behin. Azken hauei etxeak berreraikitzeko lizentzia emango dietela agindu zien Izaskun Gomez alkateak, eta epe zehatzik eman ez zien arrean, lizentzia martxorako prest izatea litekeena dela aipatu zien. Zinegotzi berriaren kargu hartzea Atzokoan Florencio Moro antxotarrak hartu zuen zinegotzi kargua. Morok  Lide Castellano ordezkatu du, Pasaiak Ahal Du taldearen zinegotzi gisa.        
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.