"Isilarazi nahi dutena ozen oihukatzen ari gara"
Azaroaren 25eko Lezoko ekitaldian indarkeria matxistaren egiturazko izaeran jarri dute azpimarra, eta horren zerbitzura makineria oso bat dagoela.
Emakumeek indarkeria matxista ez dute ausaz jasaten. Gizonek indarkeria hori ez dute ausaz eragiten. “Indarkeria jasaten duena izendatu behar da. Indarkeria eragiten duena seinalatu behar da”. Horrela hasi dute gaur arratsaldean Lezoko Azaroaren 25eko ekitaldia, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunekoa. Urteko egunik euritsuena izan da gaurkoa. Karlos Saldise plazako estalpenak bildu ditu berriz ere lezoarrak bortxa matxista arbuiatzera, emakumeak eta gizonak, gazteak eta adinekoak. Zapi gorriak, xingola eta begizta gorriak, bufanda gorriak, gerriko gorriak ere bai. Haizea eta euria. Denak bat Saldisen. Haiei, emakumeen amorrua eta salaketa gehitu zaizkie. Lezo gorriz tindatu dute.
Egiturazkoa da indarkeria matxista. Beraz, egiturazko irtenbidea behar duela azaldu dute gaur Saldisen hitza hartu dutenek. Egitura horrek atal asko dituela nabarmendu dute, eta ez dute era isolatuan funtzionatzen, denak bat dira: “Makinaria jakin batek lotzen ditu sistema horiek. Askotariko sistemez ari gara, mikroenetik, makroenera. Sistema zis-hetero-patriarkal eta kapitalistatik, gizonen arteko aliantzetara. Lezo bezalako herri txiki batetik hasi, eta mundu osora zabaltzen dena. Eta makineria horrek sortzen duen indarkeriak ez du etenik”.
Azken urtebetean Euskal Herrian bost emakume hil ditu makineria horrek. Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeak aldarrikatu dituzte gaur Saldiseko estalpean: “Erasotzaileek inguru hurbilekoak izaten jarraitzen dute. Etxebizitza ez da eskubide bat. Zaintza lanetan ari diren emakumeekin eta batez ere emakume migratu eta arrazializatuen kontura negozioa egiten jarraitzen dute. Sexu genero disidenteen existentzia ukatu nahi dute. Lurraldeak esplotetzen jarraitzen dute, eta kide migratu eta arrazializatuak deshumanizatzen jarraitzen dute. Indarkeriak mila aurpegi ditu”.
Munduan bezala, Euskal Herrian indarkeria betikotzen segitzen duten “estatu aparatuak” daudela esan dute hitza hartu dutenek, “polizia kasu. Ondo dakigu indarkeria matxistaren produkziorako ezinbesteko egitura dela gorputz polizial oro. Herri honetan badakigu zerbait horretaz. Horren adibide da emakumeek zein genero disidenteek jasandako tortura sexistak. Haien ukoak eta kontrol arrazistak ere indarkeria dira. Justizia feminista eraikitzen jarraitzea beharrezkoa da, beraz”.
Indarkeria matxistarekin bukatzeko bidean erakundeen inplikazio osoa eskatu dute gaurkoan Lezon, eta baliabide publikoetan indarra jar dezatela. Egiturazko neurriak har ditzatela galdegin dute hein berean, erakunde baliagarriak sortzeko. “Hala ere ez gara zain egongo. Askotariko gorputz eta lurraldeetatik borrokan ari gara, aliantzak ehuntzen. Eta isilarazi nahi dutena ozen oihukatzen ari gara. Etor daitekeenaren aurrean erresistentzia eta eraikuntza lanean jarraituko dugu”.
Eskuin muturraren eta faxisten jarrera erreakzionarioei ere aurre egiteko prest dira emakumeak, eta haien kontrol mekanismoei “ateak ixteko” asmo irmoa dute. “Bizi dugun bidegurutzean ez d go lerratzea besterik. Alde edo kontra. Feminismoaren alde, edo kontra. Eskubide sozialen alde, edo kontra. Euskal Herria feminista baten alde, edo kontra. Guk garbi dugu: dena aldatzeko ari gara, Lezon, Euskal Herrian eta munduan. Gora borroka feminista!”. Hitzon ondoren txalo zaparrada handia Saldisen.
Hitz tartearen ondoren musika eta dantza izan dira Saldisen. Bukatzeko, bertan zen pankarta betan begizta gorriak jarri dituzte Azaroaren 25eko ekitaldian izan direnek. A25, josi sareak leloa zuen oihalak.
Segidan, ekitaldiko irudiak eta bideoa:
