Herri oso bat gorriz, matxismoaren biktimak gogoan
Azaroaren 25aren harira antolatutakoen artean Lezo Gorriz iniziatiba dago. Herriko kaleak gorriz zipriztintzera deitu dituzte herritarrak, indarkeria matxista jasan dutenak gogoan izateko.
Gaxuxa Emakume Elkarteko kideen talde argazkia. Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izateaz gainera, memoria eguna ere bada. Bortxa matxista jasan duten emakume guztien memoriarako eguna. Horren harira, Lezo Gorriz iniziatiba egingo dute berriz ere azaroaren 25erako herriko eragileek Lezoko Udalarekin elkarlanean antolatutako egitarauaren barruan (ekitaldien zerrenda osoa HITZAren webgunean ikus daiteke). Hala, Lezoko balkoiak, leihoak, kaleak, atariak, edo paretak gorriz betetzera deitu dituzte, oihal edo osagai gorriekin, horietan azken urteetan hildako emakumeen izen-abizenak idatzita daudelarik. Lezo Gorriz jantzi nahi dute hilaren 23tik (astelehenetik) 29ra. Aldi berean, azaroaren 25ean bertan Gurutze Santuaren plazan 19:00etan egitekoa den ekitaldira jantzi, zapi edo osagai gorriekin joateko eskatu diete herritarrei.
Lezo Gorriz-en xedea da indarkeria matxistak hildako emakumeen memoria bizirik mantentzea, indarkeria horiek ikusaraztea eta gaitzespen irmoa adieraztea, betiere Lezok herri gisa horiei aurre egiteko konpromisoa indartzeko bidean. Horren harira, herritarrei, taldeei, elkarteei, oihal gorriekin argazkiak ateratzeko eta Iruntzen Lezoko Emakume Taldeko kideei bidaltzeko eskatu diete, indarkeria matxistaren kontrako konpromisoa irudi bidez ere adierazteko. Bide beretik, Kuadrillategiko eta Faktoriako gazteek herritik kartelak jarri zituzten ostiralean Lezo Gorriz-ekin bat egiteko eskatuz herritar denei.
Gainera, datorren astean eta Lezoko anbulatorioaren ekimenez herriko hainbat tokitan zapata gorriak jartzeko deia egina dago Lezo Gorriz-ekin osagarri den egitasmoaren bitartez, emakumeen eta haurren oinetakoak ikusgai jar daitezela nahi dute: «Zapata horiek indarkeria matxistaren ondorioz falta zaizkigun emakumeak eta haurrak irudikatzen dituzte. Sinbolo horien bidez hutsuneak daudela erakutsi nahi da, norbait falta dela gogorarazi», esan dute antolatzaileek.
Mami irmoa izateaz gainera, hainbat elementu bereizgarri ditu Lezo Gorriz iniziatibak: ez da egun bakarrera mugatzen; herri osoaren inplikazioa eskatzen du; Lezoko kale eta eraikinen itxuran eragiteko bokazioa du; eta belaunaldi artekoa da.
Maddi Etxebeste Ormazabal Iruntzen Emakume Taldeko kide da, Kuadrillategi-Faktoriako eta ludotekako koordinatzailea ere bai, eta Oroitzene AEK-ko irakaslea. Adierazi du 2019an sortu zela Lezo Gorriz egiteko ideia, orduan martxan zen Hezkidetza Mahaian. «Oihal gorriak erosi genituen orduko hartan, Gaxuxa Emakume Elkartekoek moztu zituzten, eta Kuadrillategi eta Faktoriako gazteek, Iruntzenekin batera, hildako emakumeen izenak jarri zituzten». Hiru urtez egin zituzten oihalak, eta orain, horiek edo etxean egindakoak kaleratzeko deia egin dute hilaren 23tik 29ra: «Indarkeria matxistaren ondorioek kale presentzia izatea inportantea dela uste dugu. Ikusgarritasuna. Memoria kolektiboa landu behar da bortxakeria horri aurre egiteko, eta herriko kaleetan horrek presentzia izatea oso garrantzitsua dela uste dugu».
Belaunaldi artekoa
Lezo Gorriz iniziatibaren oinarrietako bat da adin guztietako lezoarren arteko lanketa eta elkarlana sustatzea. Aurten ere hala egiten ari dira. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu adin ezberdineko jendeak indarkeria matxistaren kontrako lanean bat egitea», zehaztu du Etxebestek: «Horren seinale da Gaxuxa, ludoteka, Kuadrillategi, Faktoria edo Iruntzen elkarlanean ari garela hainbat jardueraren bitartez». Bortxa matxistak ez du forma bakarra, ez die adin tarte zehatz bateko edo kondizio konkretu bateko emakumeei bakarrik eragiten. Adierazpide eta ondorio asko ditu.
«Indarkeria matxistari buruz pluralean hitz egin behar da. Ez da bat eta bakarra. Beraz, gure artean saretzea eta indarra hartzea ezinbestekoa da, eta hori Lezo Gorriz-ekin egiten ari garen belaunaldi arteko lanketarekin irudikatu bahi dugu», azaldu du Etxebestek.
Jarraian, herritarren eta Lezoko eragileen argazkiak, Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak HITZAra bidalitakoak.
