azaroak 25

Lezoko Udala: "Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik"

Gaurko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira erakunde adierazpena landu eta zabaldu dute udalean ordezkaritza duten alderdiek.

Gaur da Azaroak 25 (A25), Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna. Horren harira erakunde adierazpena landu eta zabaldu dute udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek, Lezoko Udalak, beraz, A25aren harira indarkeria matxistarekin duen jarrera azaldu du: “Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik”.

Udalak berretsi du indarkeria matxista giza eskubideen urraketa dela, eta gizarte osoari dagokiola. Estrukturala da. Horri aurre egiteko erakundeek, gizarte eragileek eta norbanako bakoitzak ardura duela adierazi du udalak. Horren harira, herritarrak A25aren harira egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte: Lezokoa gaurko (hilak 25, asteazkena) 19:00etan izango da, Gurutze Santuaren plazan.

Indarkeria matxistaren errealitate gordinaren aurrean, barne gogoeta egiteko hainbat galdera egin ditu udalak: “Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?”. Horien erantzunaren zati inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar direla adierazi du udal erakundeak: “Ez da nahikoa indarkeria arbuiatzea argi eta garbi agertzen denean. Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, hari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea, biktimei laguntzea eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea”.

Indarkerai matxistaren existentziari uko egitea, edo neutraltasunetik jokatzea arbuiatu du udalak. “Ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera”.

Udalak, eta erakundeek oro har, herritarrekin konpromiso partekatuak adostu eta egikaritu behar dituela uste dute herriko alderdi politikoek, eta indarkeria matxista desagertzeko bidean denen arteko elkarlana konponbiderako urratsaren zati izan daitekeela nabarmendu du, erantzukizun pertsonaletik abiatuta kolektiboan eraginez: “Horrela bakarrik egin ahal izango dugu bidea gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz. Horretarako, indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berresten du udalak. Prebentzioan, sentsibilizazioan eta herritarren inplikazioan oinarritzen diren politikak eta ekintzak lantzea sustatzeko, herriko Mugimendu Feministarekin eta herriko eragileekin elkarlanean jarraituko du indarkeria matxistari modu kolektiboan aurre egiteko”.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.