[Bideoa eta galeria] Euskarak are presentzia handiagoa izan du Oiartzungo plazan, Korrikari esker

20. Korrika 13:54 minutu zirela sartu da Oiartzungo plazan. Atzean utzi ditu Arragua, Ugaldetxo, Iturriotz eta Altzibar, Gurutzera joan aurretik.

Korri egiteko arropa, izerdia, alaitasuna… baina batez ere, euskararen alde egiteko grina sumatu da gaur eguerdian Doneztebe plazan. Arragua, Ugaldetxo, Iturriotz eta Altzibar auzoak atzean utzita, kaskoan zehar ibili da euskararen aldeko lasterketa. Lasterketa Oiartzunen bertan sartu baino lehen nabari zen Korrika giroa Doneztebe plazan. Itxaronaldia pixka bat luzatu da —erlojuari begira egon da bat baino gehiago—, lasterketa hamazazpi minutu beranduago iritsi baita plazara. Lehendabizi petoak saltzen dituen furgoneta sartu da, eta ondoren etorri dira furgoneta ofiziala, lekukoa, pankarta eta pertsona askok osatutako segizioa. Aurten mende erdia ospatzen ari den Haurtzaro Ikastolako ikasleek lekukoa pasatu diote udalari —Jexux Leonetek hartu du—. Aialde kalea jaitsi eta Gurutze bidean abiatu da Korrika. Hor bai, hor galdutako denbora berreskuratzen saiatu dira, aldapan gora martxa bat sartuta. Korrikalari asko geratu dira bidean, eta Korrikak aurrera egin du. Bi urte barrura arte.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.