Oarsopedia, Oarsoaldea eduki librez betetzeko

Oarsopedia taldea sortu dute, eskualdeko gaiekin lotutako eduki libreak sortzeko. Gainera, WikiLovesMonuments mundu mailako lehiaketaren barruan, Oarsopedia Saria antolatu du estreinakoz.
Ilustrazioa__Oarsopedia_Sa copia

[Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda].

Wikipedia ia oinarrizko kontsulta toki bihurtu da, baita ere taberna giroko eztabaiden zapuztaile ere. Eduki libreak jasotzen dituen entziklopedia elikatzeko,  baina, lan eskerga egiten dute mundu osoan milaka editorek.

Oarsoaldean ere editore talde permanente bat sortu dute. Bertako kide dira Beñat Irasuegi errenteriarra eta Unai Tolosa lezoarra. Udako Euskal Unibertsitateak aurten, lehen aldiz, Euskal Wikilarien Elkarte sortu berriarekin batera, Wikipediari buruzko ikastaroa antolatu du. Azken urteetan asko garatu diren hainbat tresnaren berri jaso dute bertan, Wikidata eta Wikipedia Commons, esaterako. Bigarren horren bitartez, bideoak, argazkiak, audioak eta abar igo daitezke Wikipediara, eta hizkuntza guztietarako balio du.

Wikidata bereziki iraultzailetzat definitu du Irasuegik: «Ikastaroa egin genuenean, Frantziako Tourra lehiatzen ari ziren. Etapa bukatzean, sailkapenak igotzen zituzten frantziar batzuek, eta edozein Wikipediak aprobetxa ditzake». Tolosak nabarmendu duenez, orain arte bakoitzak bere hizkuntzan sortzen zituen artikuluak, eta gero horiek itzuli behar ziren. Wikidatarekin, artikuluen automatizazioa programatuz gero, errazagoa da hori.

Jakintza partekatu
Euskal Wikilarien Elkartearen helburua Wikipedia bultzatzea da, orain arte edizioan aritu direnengandik harago joatea. Alde batetik, jakintza zehatz bati buruz zerbait dakitenengana iritsi nahi dute, eta bestetik, tokian tokiko edukiak landu.

Irasuegi: «Hortik abiatuta, iruditu zitzaidan interesgarria izango zela Oarsoaldean talde permanente bat edukitzea, edukiak libre partekatzeko. Twitter bidez zabaldu nuen ideia, Telegram talde bat sortu genuen, eta 15-16 gaude». Wikiproiektu bat sortzen ari dira egun hauetan.

Talde irekia da, eta Oarsoaldean bizi direnak bilduko dira bertan. Ziurtatu dutenez, Wikipedia Commons eta Wikidata erabiltzeko formazioa jasoko dute. Horrez gain, talde horrek eduki libreen filosofia sustatu nahi du.

Wikipediak hainbat tresna garatu ditu; tartean Wikidata eta Wikipedia Commons

Egunero erakundeek, elkarteek edota norbanakoek eduki libre pila bat sortzen dutela baieztatu du Irasuegik, baina lizentzia pribatiboa daukate. «Beraz», jarraitu du, «ezin zaio beste erabilerarik eman. Eduki horrek sozialki zabaltzeko gaitasuna izanbehar du». Tolosaren arabera, edukia libre izateak ez du esan nahi egileari aitortzarik egiten ez zaionik: «Edozeinek edozertarako erabil dezake, baina egilearen izena aipatuz». Irasuegi: «Copyrightarena guztiz antinaturala da. Herrigintzak asmo sozialarekin, komunarekin eta irekiarekin sortzen ditu bere edukiak».
Beraz, bakoitzak kontrolatzen duen gaian eduki libreak eta tokian tokikoak sortzeaz gain, filosofia ikastetxeetan zabaldu nahi dute. Izan ere, Oarsopedia taldean badira irakasleak.

I. Oarsopedia Saria
Talaios kooperatibak sustatu du Oarsopedia taldea, eta talde horrek publikoki antolatu duen lehen jarduera Oarsopedia Saria da. WikiLovesMonuments mundu mailako lehiaketaren txapelketa lokala da. Eusko Jaurlaritzak duen monumentuen zerrenda hartu dute, eta haien argazkiak bidali beharko dituzte lehiakideek. Horretarako, Wikipedian izena eman beharko dute, eta txapelketaren lehiaketaren orrialdean sartu behar da.

«Pribatizaziorako dagoen joera horrekin puskatu nahi da. Lehiaketa mundu mailan egiten da, legediekin kontradikzio horiek bilatzeko. Oso erraza da argazkiak igotzea, Instagram ikustea besterik ez dago. Baina ez daukate balio sozialik», esan du Irasuegik. Sare sozialen erabilerari buruz ohartarazi du Tolosak: «Facebook eta Instagramek beren baldintzak dituzte, eta ez dakizu zertarako erabiliko duten. Eskubide asko ematen dizkiegu, kontziente izan gabe». Horregatik, eduki libreak partekatzeko deia luzatu diete eskualdeko lau udalerrietako kideei.

Oarsopedia Sariaren irabazleak Laboreren saskia eta Ereiten-en liburuak lortuko ditu

Izan ere, Oarsoaldeko eduki libre gutxi dago sarean, eta horiek biderkatzeko amua da lehiaketarena. Aurten monumentuen zerrenda ofiziala aukeratu dute, baina datorren ekitaldirako beste ondare mota bat sartu nahiko lukete. «Iztietako eliza brutalismoaren eredu da, eta monumentu interesgarria da alde horretatik. Gainera, industrializazioaren aztarna gutxi geratzen dira, eta ez litzake ideia txarra izango garai bateko fabrikak non zeuden jartzea, edo euren argazkiak igotzea. Oarsopedian gabiltzanok kaleko jendea gara. Bestela, badirudi pertsona ospetsuak bakarrik ager daitezkeela, edo Erdi Aroko eraikinak», aldarrikatu du Irasuegik.

Lehiaketaren izenak dioen bezala, sariak banatuko dituzte. Bi sari izango dira: alde batetik, Labore Oarsoren produktuen saski bat oparituko dute. Bestetik, Ereitenek Pasaiako historiari buruz egindako liburu sorta. Beraz, kamera hartu eta Wikipedia Commonsen log in egitea besterik ez da falta.

Ekarpen bat

Egin iruzkin bat

*

*


*

  • Oarsopedia, Oarsoaldea eduki librez betetzeko – Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
    25 iraila 2017 at 22:51 - Reply

    […] Jatorrizko testua: Erik Gartzia, Oarsoldeko hitza […]

  • Send this to friend