Iñaki Sarasketa omenduko dute hilaren 14an

Abuztuaren 25ean hil zen Sarasketa; Txabi Etxebarrieta hil zutenean berarekin zen

inaki sarasketaIñaki Sarasketaren (Oiartzun, 1948-2017) lagunek hura omentzeko ekitaldia antolatu dute, urriaren 14rako. Pasa den abuztuaren 25ean hil zen Sarasketa.

Sarasketaren izena Txabi Etxebarrieta ETAko militantearen eta Jose Pardines guardia zibilaren izenekin betiko lotuta geratuko da. Oiartzuarra Etxebarrietaren kidea zen, eta auto berean zeuden guardia zibilak gelditu zituenean. Etxebarrietak tiro egin, eta Pardines hil zuen, eta ihesari eman zioten biek. Tolosako Benta Haundin harrapatu zituzten biak, eta Etxebarrietari pistola atzeman ziotenean, tiro egin eta hil egin zuten. Sarasketak Errezilera ihes egitea lortu zuen, eta biharamunean atxilotu zuten,bertako elizan.

Atxiloketa, erbestea, amnistia
Meliton Manzanas torturatzailearen eskuetatik pasatu zen atxiloaldian, eta gerra kontseilu batean epaitu zuten. Lehendabizi 58 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina bertan behera utzi zuten, ustezko forma akatsengatik. Berriro epaitu, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Protesta ugari eragin zituen, eta bizi osoko espetxealdiagatik kommutatu zuten. Espetxean zegoela, ETA-VI. asanblearen alde egin zuen, gero LKI bihurtuko zena.

1977ko amnistiaren aurretik, Oslora erbesteratu zuten, hainbat kiderekin batera. Amnistiarekin batera itzuli zen Euskal Herrira.

1984an Gasteizko legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu zen, Auzolanekin (LKIk, Ezker Berriak eta LAIAk osatu zuten koalizioa). Ordutik aurrera ez zen politikan publikoki aritu.

Omenaldia hilaren 14an izango da, Oiartzungo udaletxeko pleno areto nagusian, 12:00etatik aurrera.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend