Intxixu Trail Girizia mendi lasterketa taldeak bigarren aldiz antolatu du lasterketa
Urkabeko II. Igoera datorren larunbatean egingo dute.
Intxixu Trail Girizia mendi lasterketa taldeak Urkabeko Igoera lasterketa antolatu du, bigarren aldiz. Iaz bezala,
Oiartzungo Garagardo Festarekin egingo du bat.
Larunbat arratsaldean jokatuko dute lasterketa. Gaetxeko skate parketik aterako dira, 17:30ean. Lasterkariek 1.600 metroko ibilbideari egin beharko diote aurre, 191 metroko desnibelarekin. Tronpeoko malda igoko dute, gero Manuel Lekuona hiribidetik gora plazara iritsiko dira, eta handik Legarreko maldari ekingo diote, Urkabeko gurutzean bukatzeko.
Aldez aurretik izena emateko,
Herri Krosaren webgunean sartu beharko da. Bost euroko prezioa izango du modu horretan izena emanez gero. Egunean bertan izena ematen dutenek 8 euro ordaindu beharko dute. Elorsoron izango da izen ematea, eta parte hartzaileek bertan dutxatzeko aukera izango dute, baita motxilak bertan uzteko ere. Parte hartzaileen gehienezko kopurua 150ekoa dela jakinarazi dute.
Sariei dagokienez, neska zein mutiletan nagusitzen direnei, kopa eta bertako produktuen sorta bat emango diete. Lehen oiartzuarrei ere sari bera emango diete. Hori bai, parte hartzaile guztiek lasterketaren poltsa eramango dute etxera.