Bizitza duinerako eskubidea erdigunean jarriko du LAB-ek

LAB sindikatuaren agerraldia.

LAB sindikatuaren agerraldia.

Hilaren 16an abiatu zuen LABek Lan duina, bizi duina iniziatiba ibiltaria, eta hilaren 31tik azaroaren 2ra bitartean Oarso Bidasoko herrietan izango da. Gaur egin dute agerraldia bi eskualdeetan antolatu dituzten ekintzen eta iniziatibaren berri emateko Oreretako egoitzan. Bizitza duinerako eskubidea erdigunean kokatu beharra dagoela esan du sindikatu abertzaleak, “eta horrek lan guztien aitortza eta defentsa egitea dakar”.

Helburua ere azaldu dute, “langile klasea bere osotasunean kontuan hartu eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektibo horiei guztiei eskaintza bat egitea da. Lehenik egoeraren kontzientzia hartu behar dugu, eta argi izan prekarietatera kondenatu nahi gaituztela, guztioi bizitza duina bermatzeko diru nahikoa badago ere. Borrokara batzeko eskaintza egiten dugu, aktibatu eta mobilizatu egin behar dugu”. Horren harira, kolektibo bakoitzari borroka eskaintza espezifikoa egingo diola LABek nabarmendu dute, “bere errealitatetik abiatu eta hura iraultzeko”.

Iniziatiba ibiltariak bi egun eta erdi emango ditu Oarso Bidasoan, eta denbora horretan hiru asmori begira arituko da sindikatua: “delegatuekin izango gara, elkarrekin egoteko espazio komunak sortuko ditugu barne mailari dagokionean; borrokaren balioa langile sektore anitzetara eramango dugu, irekiak ditugun borrokak hauspotu, egindako borrokak goraipatzeko, edota borrokarako zailtasunak dituzten langile guneetara ekintza zuzena eramateko; herrietara iristea da beste asmoa, lana eta herri borroka esparru berdinak direla azaleratzeko”.

Egitarau zehatza

Urriaren 31n LABeko delegatuekin tailerrak egingo ditu sindikatuak ekintza sindikal modu berriak hausnartzeko, eta horiek amaituta industria arloko bi enpresetan mobilizazio pare bat iragarri dituzte. Arratsaldean berriz, Hondarribiko San Pedro plaza hartuko dute. 17:30ean Zaldunbordak Hondarribian izango duen eraginaz mintzatuko dira, eta ordubete beranduago etxebizitzaren arazoaz hitz egingo dute herriko gazteekin. Pintxoekin eta musikarekin amaituko dute eguna.

Azaroaren 2an helduko da iniziatiba ibiltaria Oarsoaldera. Hainbat enpresetatik barrena ibiliko da eta Pasai Antxoko plazan elkartuko dira, ondoren, “Pasaiako portuaren bueltan beharrezko aldaketa soziala eta burujabetzaz hitz egingo dugu mahai inguruan”. Trikipoteoarekin amaituko dute eguna bertan ere.

LABek Oarso eta Bidasoko herritarrak deitu ditu iniziatiba ibiltariarekin bat egitera, “furgoneta ingurura hurbildu, beren kezkak konpartitu, elkarrekin eragiteko bideak arakatu, eta lan eta bizi duinak aldarrikatzera”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend