Udalak dio lonja urbanizatzeko lanak 2018 urtean hasiko direla

lonja, biziberritzea, lab

Lanak etenda daude aspalditik, eta herritarrak etsita.

Portuko Administrazio Kontseiluak 2018ko inbertsio plana onartu du gaur eta aipatu planean San Pedroko lonjako lanen exekuzioaz portua arduratuko dela jaso da, Pasaiako Udaleko hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Lanak portuak exekutatuko dituen arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko ditu obrak.

Hurrengo urratsen berri ere eman du Oterminek: udalak urbanizazio proiektuari oniritzia eman behar dio lehenik, eta ondoren obrak esleitu ahal izateko hitzarmena sinatu behako dute Udalak, Portuak eta aldundiak.   “Portuak idatzitako urbanizazio proiektuari oniritzia emateko txostena lantzen ari gara udalean”, azaldu du hirigintza zinegotziak, eta nabarmendu du “udalaren eta portuaren arteko elkarlanari esker, proiektuak hirigintza sailetik egindako proposamenak eta herritarren ekarpenak bildu dituela”.

Aurrekontua handitu

Lonjako estalkia urbanizatzeko lanek 5 milioi euroko aurrekontua izango dute, Oterminen arabera, aurreikusitakoa baino dezente gehiago, “udalaren proposamenak aintzat hartu eta horrek urbanizazio proiektua hobetu duelako”.

Lonjaren estalduran terraza handi bat atonduko dute, itsasora begira. Terrazak berdeguneak, jolas parkea, pasealekua eta eserlekuak izango ditu. Terrazaz gain, San Pedroko biribilgune alboko eremu guztia ere urbanizatuko dutela nabarmendu du Oterminek.  “Badakigu herritarrak etsita daudela eta bat egin dut haiekin”, adierazi du Oterminek.  “Gustatuko litzaigukeena baino mantsoago doaz gauzak, baina lanean ari gara eta lanean jarraituko dugu”, gaineratu du.

Zentzu horretan Herrerako lanak martxan direla ohartarazi du hirigintza zinegotziak eta datorren urtean lonjako urbanizazio lanak hasita “amestutako biziberritzea poliki-poliki errealitate bilakatzen” joango dela adierazi du.

Oterminen arabera,  Plan Berezia urtea amaitu aurretik onartuko dute eta horrek gainerako eremuetan esku hartzeko egitasmoak martxan jartzeko aukera emango diela baietsi du. “Konpromisoa badago eta erakunde guztiak elkarlanean ari gara lanean emandako hitza betetzeko eta hain potoloa den proiektu hau guztion artean aurrera eramateko, Pasaiak behar duelako eta pasaitarrek merezi dutelako”.

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend