Uliak balio ekologiko handiak biltzen ditu, eta arreta deitzen dutenen artean daude harkaitzen askotariko geoformak.
Pasaiako eta Donostiako udalei Uliako Plan Berezia onar dezaten eskatzeko, eta aipatu planean ehizaren debekua txera dezaten exijitzeko, mendi txangoa antolatu du Eguzki Talde Ekologistak iganderako. Aldundiari, era berean, interes orokorraren alde egiteko eta segurtasun eremuei eusteko eskatuko dio Eguzkik.
Ulian ehiza debekatzeko
aldarria ez da berria. Aspalditik entzuten dira debekuaren aldeko ahotsak, hiritik gertu, jendetza biltzen duen kirol eta aisialdi gunea delako. “Parke segurua” aldarri, igandeko irteera, mendiaren balio ekologikoak nabarmendu eta Uliako txoko ezagunenak bisitatzeko baliatuko dute.
Bi zita jarri dituzte; lehena, 09:30ean, Mirakruz gainean, Arzaken jatetxearen ondoan, eta bigarrena, 10:15ean, Herri Ametsa ikastolako aparkalekuan, kotxean joaten direnentzat. Denak han elkartu eta kala Illurgitara jaitsiko dira lehenik, oihana zeharkatuta. Hondartzak biltzen dituen askotariko geoformak ikusi eta hartuko dituzte hizpide, harribola entzutetsuak tarteko.
Kala bisitatu ondoren, mendi lepora itzuliko dira, eta handik Almirantearen gotorlekurantz abiatuko dira, ehiza postuak erraz ikusten diren bidetik, itsasertzetik paraleloan.
Gotorlekura iritsita, Herri Ametsara itzuli behar dutenek, Platako Farola eta Ingelesaren iturritik hartuko dute buelta, eta Mirakruz gainera joan behar dutenek, aldiz, Trintxerperaino doan bide ezezagun batetik itzuliko dira.
Eguzkiren arabera Ulia “birika berde bat da” bereziki Donostiako eta Oarsoaldeko biztanleriarentzat. Herritarrek bertako flora, fauna eta paisaiaz gozatzeko eskubidea dutela iritzi diote, eta ez dutela zertan ehizak dakarren arriskua onartu behar.
Uliaren magalean ikastetxeak ere badirela ohartarazi dute ekologistek, eta BTT bideak, mendi lasterkariak eta bestelako kirolariak erruz biltzen dituela Uliak. “Ez da atsekabe edo istripu bat gertatu artean itxaron beharrik, hainbat praktika arriskutsuen debekua aurrez hartua behar zuenean”.