Ikasturteko bigarren AISA ikastaroa otsailaren 26an hasiko da; eskualdera etorri berri direnei zuzenduta dago
Eskualdeko edozein euskaltegitan.
Oarsoaldera iritsi berri direnei zuzendutako AISA programaren ikasturte honetako bigarren saioan izena eman daiteke. Oarsoaldeko Eskualde Batzordeak eta eskualdeko udal euskaltegiek zein AEK-koek antolatzen dute ikastaroa, etorri berriak euskarara hurbiltzeko asmoz. Oinarri horrekin, euskaltegietan lehen urratsak ematea erraztu nahi dute.
60 ordukoa izango da ikastaroa. Otsailaren 26an hasiko da ikastaroa, eta ekainaren 22an bukatuko da; astean launa ordu emango dituzte. Lau horiek nola banatu aukera ditzakete: astean bina orduko bi saio jasotzeko aukera egongo da, edo larunbat goizetan laurak egitearena. Eskolak euskaltegietan emango dituzte, baina tokia alda daiteke.
Izen ematea
Aste honetan bertan ireki dute izena emateko epea, eta otsailaren 19ra arte egongo da zabalik. Bakoitzaren udalerriko udal euskara zerbitzura joan beharko du. Hauek dira helbidea eta telefono zenbakia:
- Errenteria-Orereta: Herriko Plaza, z/g (943 44 96 13).
- Lezo: Donibane kalea, 2 (943 51 34 76).
- Oiartzun: Fermiñene Etxea, Aialde kalea, 2. (943 49 38 42).
- Pasaia: Euskadi etorbidea, 61. Trintxerpe. (943 00 43 40).
Eskualdeko herrietan erroldatuta dauden hamasei urtetik gorako etorri berriek eman dezakete izena. Bost euroko prezioa izango du. Ikasturtearen “aprobetxamendu” egokia egin dutenek agiri bat jasoko dute bukaeran.