[Bideoa eta galeria] Lezoarren apoteosia herriko lasterketan

lezo.podium

Podiumaren irudi orokorra.

Gaurko Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren gidoia lezoar batek idatzi du. Gidoia egiterik balego, behintzat, herria maite asko duen batek idatziko luke. Baina idatzitakoa existituko balitz, norbaitek bete beharko luke. Eta horiek Ander Iñarra eta Lurdes Oiartzabal izan dira. Biak lezoarrak, eta biak gaurko mendiko lasterketaren bosgarren ekitaldiaren irabazleak. Santo Kristo txaloka jarri dute, Gurutze Santuaren plazan. Gaur, herrian profeta izan dira biak, merezimendu osoz. Apoteosia.

Horri guztiari, eransten bazaio antolakuntza aldetik den-dena ezin hobe joan dela, hitz potoloak soberan hemendik aurrera.

Hasieratik aurretik joan da Ander Iñarra gizonen proban. Ez alde handiarekin, baina aurretik. Eta alde ez handi hori bukaera arte mantendu du. Atzetik borrokan izan ditu mendiko lasterketetako bi tanke hondarribiarrak, Iker Oliveri —proba hau irabazi ez duen lehen aldia izan da, aurreko lau edizioetan garaile izan zen— eta Joxe Amunarriz. Probaren erdialdean aurretik jarri da Amunarriz, baina Oliverik beheranzkoan duen trebetasuna baliatu du bigarren izateko.

Emakumeetan bigarrenez irabazi du Lurdes Oiartzabalek proba. Erraz. Lehen metroetatik garbi utzi du ez zuela ihes egiterik nahi etxeko lasterketak. Hamar minutuko aldea atera dio helmugan bigarren izan den Araitz Irazu hernaniarrari. Hirugarren, mendiko lasterketetan zeresan handia ematen ari den, eta gehiago emango duen Amaiur Iglesias errenteriarra. Oarsoaldean badira, onak gainera, mendiko lasterkariak.

Gizonetan zein emakumeetan, nahiz suebakiko igoeran, ez da errekorrik izan. Ezinezkoa zen hori ikusita nola zegoen Jaizkibel, lokatzez gainezka azken euriteengatik.

Udaletxearen parean, podiumean, eguneko protagonista nagusiak izan dira. Baina Jokin Galarraga omenduak ere argi izpi asko helarazi ditu plazara. Judoka da, itsua, eta egunez egun egiten duen esfortzua saritu dute probaren antolatzaileek, herrian omenduz.

Jarraian, sailkapenak, irteerako bideoa eta podiumen argazkiak:

Gizonen sailkapena

  1. Ander Iñarra (Lezo) 1:06:45
  2. Iker Oliveri (Hondarribia) 1:07:15
  3. Joxe Amunarriz (Hondarribia) 1:08:19

Gizonen sailkapen osoa

Emakumeen sailkapena

  1. Lurdes Oiartzabal (Lezo) 1:24:12
  2. Araitz Irazu (Hernani) 1:34:36
  3. Amaiur Iglesias (Errenteria-Orereta) 1:35:05

Emakumeen sailkapen osoa.

Gazte Mailako irabazleak

  • Imanol Clavo eta Jone Jaunarena, biak lezoarrak.

Suebakiko igoerako irabazleak

  • Ander Iñarra eta Lurdes Oiartzabal.

Lezoar onenak

  • Ander Iñarra eta Lurdes Oiartzabal. Bigarren lezoar izan diren Richard Riverari eta Tere Machori eman dizkiete sariak, hurrenez hurren.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend