Datorren larunbatean hasiko da aste pedagogiko-musikala; aurten, estreinakoz, dantza emanaldi bat sartu dute egitarauan

Alfredo Lapuente eta Jesus Maria Martiarena udaleko ordezkariak; Xanti Espina musika eskolako zuzendaria eta Soinueneko Joseba Zabaleta.
Datorren larunbatean hasiko da 33. Lesoinu, eta hilaren 24ra arte. Euren filosofia ahaztu gabe, aste pedagogiko-musikalak hainbat berritasuni zabalduko dizkio, aurten ere, ateak. Horrela, lehen aldiz, dantza emanaldi bati toki egin diote: Errenteria-Oreretako Kukai dantza konpainiak ikuskizuna emango du hilaren 18an, Gezalan.
Xanti Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendariak beste egitarauko ekitaldi bat nabarmendu du:
Agirretxetarrak Gipuzkoako Dultzainaren Testigantza liburu-diskoaren aurkezpena (horri buruzko informazio,
erreportaje honetan). Datorren larunbatean, 12:00etan, egingo dute aurkezpena. Ondoren, agirretxetarren omenezko diskoan agertzen diren doinuekin dantzaldia egingo dute, plazan bertan.
Egitaraua
Berez aste pedagogiko-musikala izena duen arren, bi astetarako antolatu dituzte jarduerak. Larunbatean, 10:30ean hasiko da, dultzaineroen eta xirolarruen kalejirarekin. Eguerdian agirretxetarren txanda izango da. Arratsaldean berriro helduko diote festari: 18:00etan kalejira egingo dute Oiartzungo, Errioxako, Hernaniko eta Donibane Lohizuneko dultzainero eta xirolarru jotzaileek.
Horren harira, Oiartzungo Soinueneko Joseba Zabaletak azaldu duenez, urtero Gipuzkoako herri batean egiten dute musikarien topaketa bat. “Soinueneko eskolan lezoar dezente ditugu, eta beraiei esker, Lezon antolatu dugu aurten”, esan du.
Iganderako blues emanaldia antolatu dute, Gezala Auditoriumean. Noa Voll Damm & Hell Drinkers taldeak kontzertua emango du, 19:00etan hasita.
Datorren asteari begira, ostegunean, ikasleentzako tailer didaktikoa antolatu dute. 18:00etan izango da, musika eskolan. Instrumentua aukeratzen laguntzeko tailerra izango da. Biharamunean, instrumentua aukeratuta duten batzuek, konbo, rock eta folk kontzertua emango dute.
Hilaren 17rako (larunbata), berriz, egitarau aberatsa prestatu dute. Lehendabizi, kantu jira egingo dute, Aiton Bordatik 12:30ean abiatuta. Ordubete beranduago, herriko plaza Tennessee moduko bat bihurtuko da: Jim Beans hirukoteak country kontzertua eskainiko du.
19:00etarako zita bikoitza jarri dute. Alde batetik, musika eskolako banda kalez kale ibiliko da. Bestetik, Sutargi eta Gordexolako Isasiko Ama abesbatzek kontzertua eskainiko dute Gezalan. Iganderako gorde dute Kukairen
Oskara emanaldia.
Azken Txanpan, pedagogia nagusi
Hilaren 19an (astelehena), berriz, musika eskolako ikasleek ikastetxeetako haurrentzako kontzertu pedagogikoak eskainiko dituzte Gezalan, 11:00etan eta 18:00etan. Asteazkenean 2 eta 5 urte arteko haurrentzako Musikarekin Jolasean ekitaldia eskainiko du Trakamatrakak, toki berean, 17:30etik aurrera. Ostegunean, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek kontzertua emango dute, auditoriumean, 18:00etan hasita.
Hirugarren eta azken asteburua indartsu hasiko da: ostiralean, hilak 23, 17:00etan Talka-talka taldeak Musikarekin Gozatuz eskainiko du Gezala Auditoriumean; 18:00etan, Tomas Garbizuko hari orkestrak tailerra egingo du Musika Eskolan; eta 19:00etan, Jan Van Charles Groupek kontzertua eskainiko du Gezala Auditoriumean.
33. Lesoinu ixteko abesbatzek hartuko dute parte. Hala, etxeko koruak —Sutargik— eta Donibane Lohizuneko Beltza Gorrik emanaldia eskainiko dute, Gezalan.