Xanistebanetako tarteko eguna ospatzen ari dira; baserri munduarekin lotutako ekitaldi ugari egin dituzte, baina ez hori bakarrik
Poteo jira feminista egin dute arratsean.
Xanistebanak ekuadorrera iritsi dira, Baserritarren Egunarekin. Landa eremuari lotutako ekitaldi ugari egin dituzte: herri kirolak, idi-demak, sagardo (eta pintxo) dastaketa… Kalea ala baserria, jatorria jatorri, denek gozatu dute antolatutako ekitaldiekin. Baita Petra Lekuona egoitzan bizi den 103 urteko emakumeak ere.
Zaintza lanak egin behar zituzten emakume (batzuek) ere izan dute festetan ardurarik gabe murgiltzeko. Izan ere, zaintza greba deituta zegoen, denek xanistebanetan parte hartu ahal izateko. Mugimendu feministak egin zuen deialdia, ongi pasatu ahal izateko jarduerak egongo zirela bermatuta. Hala, bazkari feminista, bakarrizketa eta poteoa egin dituzte, kolore moreak zipriztinduta. Bi emakumek lehen aldiz hartu dute parte xanistebanetan: estreinakoz, bi neska aritu dira enborrak mozten, Haurtzaro Ikastolako anfiteatroan.
Musikak eta dantzak ere bere tartea izan dute, eta oiartzuarrak baino altuagoak diren erraldoien topaketa egin dute arratsaldean. Gauerako, inguruko herrietako bisitari ugari espero dituzte. Bertakoak izango direnak, aldiz, danborradakoak izango dira.
Xanistebanak aurrera egiten ari dira,
zahartzen, baina bihar Gazteen Eguna ospatuko dute [
ikus hemen egitaraua]. Bala guztiak ez gastatu, bi egun eta hiru gau falta baitira.