Azoka eta babarrun jatea Antxoko San Tomas feriaren osagai nagusiak

san tomas

Basari, Lore Txorta, Armonia, Galepertarrak, eta Jaizkibel elkarteek antolatzen dute feria, herriko beste kultur eragileekin elkarlanean.

Gabonen usaina barreiatzen hasia da hemen eta han, eta atzo, Pasai Antxon, Eguberrietako gertutasunaren iragarle, San Tomas azokaren aurkezpena izan zen. Basari elkartean elkartu ziren barrutiko elkarteetako ordezkariak aurtengo feriarako antolatu dituztenen berri emateko, eta han zehaztu zutenez hilaren 15ean izango da feria, ohi bezala, 10:00etatik 15:00ak bitartean, Gure Zumardian.

Egun berean ospatuko dute San Tomas San Pedron, eta biharamunean, hilaren 16an, Donibanen. Urtero legez, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen emanaldiak izango dira azoken barruan, barruti guztietan, 12:00etan.

Antxoko feriari dagokionez, bi osagai nagusi eskaintzan; goizeko azoka, eta eguerdiko babarrun-jatea, Topaguneak antolatuta, Azokan. Bazkarirako txartelak, 12 euroan, salgai jarri dituzte jada Izadi, Mimos, Kamio, Rome eta Leunda tabernetan, eta adi egotea komeni, hilaren 11 izango baita tiketak erosteko azken eguna.

Azokan, urtero legez, artisautza sorta oparo izango da aukeran: xaboiak, zeramika, lore lehorrak, arropa… eta horrez gain, herriko eragileak, beren materialaren salmentan: Harremantxo talde feministak postua jarriko du, baita AEK-k ere, Korrikaren materiala saltzen hasteko.

Horiez gain, baserriko animalien erakusketa eta falkoneria erakustaldia ez dira faltako, eta nola ez, derrigorrezko talo eta txistorra pintxoak ere izango dira aukeran, nahi adina tragoekin lagunduta eta ikastolako gurasoek mimo handiz prestatuak eta zerbitzatuta.

Feria bitartean, noski, kale animazio ez da faltako. Alkarkide txaranga, Alkartasuna, kantu jira eta mutxikoak… guztiak ariko dira kale bazterrak girotzen feriak iraun bitartean eta berritasun gisa,  azkenik, aurten zumardi erdiko karpa, euria egingo balu, jendeak aterpean egoteko aukera izan dezan.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend