Eskualdeko lau ikastetxetan martxan jarri dute proiektua, energiaren gaiari buruz sentsibilizatzeko; erabakiak modu kolektiboan hartuko dituzte eskoletan
50/50 programa dinamizatuko dutenak, daletako eta ikastetxeetako ordezkariekin.
Gaur goizean
50/50 proiektua aurkeztu dute. Energia eraginkortasunaren sentsibilizazioan eragitea du helburu, ikastetxeen bitartez. Oarsoaldeko lau udaletako ordezkari politiko eta teknikoak izan dira aurkezpen ekitaldian, baita parte hartzen duten lau eskoletako ordezkariak.
Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordeari egokitu zaio proiektuari errepaso txiki bat ematea.
50/50 proiektua aitzindari eta berritzailea dela azaldu du, Oarsoaldea izango baita martxan jarriko den lehenengo tokia, eta bere jatorria duela bi urte eskualdean egin zen energia diagnosian kokatu du. Energia oinarrizko ondasuna dela aldarrikatu du, eta gogorarazi du, definitu zen energia plana aurrera eramateko, Oarsoaldea Garapen Agentziak aldundiaren laguntza jaso duela.
Planean inplikatu dituzte herritarrak, ikastetxeak, gobernu taldeak, udal teknikariak eta bestelako eragileak. “Denok osatzen dugu gizartea, haren parte gara, eta pertsonona da energiarik garrantzitsuena, eraldatzen duena”, adierazi du Arbelaitzek.
Bide horretan, eskertu du Lezo Herri Eskola, Elizalde Herri Eskola, Karmengo Ama eta Gamon ikastetxeen inplikazioa, baita
50/50 proiektua-ri laguntza teknikoa ematen dion Ecooolocal enpresarena ere bai.
Erabaki kolektiboak
Angel Ruiz Casasek Rubira (Herrialde Katalanak) inportatu zuen
50/50 proiektua, Hanburgotik (Alemania). Pozik dago kolore guztietako alderdiak ados jarri direlako, eta hezkuntzan eragitearen beharra azaldu du, denaren oinarria delako.
Horrela, egitasmoaren nondik norakoak xehatu ditu. Hilean behin elkartuko dira ikasleak, irakasleak, langileak, guraso elkarteetako ordezkariak… Ikasgela bakoitzean ordezkari bana aukeratzen dute, eta aldatzen joango dira.
Bilera horietan, energiarekin zerikusia duten gaiak aztertuko dituzte. Ruiz Casasek atzo Karmengo Aman egin zutenaren adibidea jarri du: “Berogailua 06:30etik 15:00etara zergatik dagoen piztuta eztabaidatu genuen. Inork ez zekien zehazki zergatik zeuden piztuta, eta ordutegia murriztea erabaki zen. Horrez gain, hitz egin genuen bakoitzak zenbat denbora behar duen dutxatzeko, eta ea beharrezkoa den hainbeste denbora ematea”.
Hartzen diren erabakiak kolektiboak direla esan du Ruiz Casasek, eta ikasleak inplikatzea bilatzen dutela. Izan ere, nabarmendu du garrantzitsuena dela alde pedagogikoa, ikasleak ahalduntzea, eta ikustea bere erabakiek badutela eragina: ikasturtean zehar aurreztu den energiaren %50 ikastetxeari itzuliko diote, eta haiek erabakiko dute zertan inbertitu. Beste erdia udalak inbertituko du, energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko hobekuntzatan. “Ez erori zuek gastatzeko tranpan!”, esan die Ruiz Casasek udal ordezkariei. Ohartarazpenari ñabardura egin dio: “Ikasleek
50/50 proiektua bigarren urtean lantzen dutenean, ikasleek eurek udal teknikariek baino gehiago dakite, beraiek direlako eskola gehien ezagutzen dutenak”.
Arbelaitzek ere ikasleen ahalduntzeari eman dio inportantzia, gazte-gaztetatik ikus dezaketelako beren erabakien ahalmena, eta horrek bizitza guztirako balio dielako.
Olatz Aldabe Lezo Herri Eskolako zuzendariak esan du ikastetxeen ikuspuntutik ere oso positiboa dela. “Urteak daramagu Eskolako Agenda21 lantzen, eta honek badu bere praktikotasuna, eragina ia momentuan ikusten baita”. Hasiera puntuan besterik ez dauden arren, funtzionatuko duela sentitzen du Aldabek.
Oarsoaldeko udalek, urtero, 5,4 milioi euro bideratzen dituzte gastu arruntetara, eta horren %10 ikastetxeek gastatzen dute. Gastu arruntaren erdia da energiarena.