[Elkarrizketa] "Lehia erreal batean nahi genuen sartu"
Laukiz lauki hizkiak, hitzak eta esaldiak sortzen eman ditu azken hamarkadak Agirresarobek. Onartu duenez, tokian tokirako asmatutakoak dira arrakastatsuenak, «esklusiboak» baitira. Hainbat tokitan salgai dagoen ‘Oarsoaldean barrena laukiz lauki’ liburuxka egin du HITZArentzat.
Hitz jokoak sortzen dituzu aspalditik. Sortzaile izan aurretik zalea zinen?
Bai. Etxean gure ama zenak egunero, 18:30ean, hartzen zuen bere tartea gurutzegramak egiteko, gaztelaniaz noski, La Voz de España-n eta abar. Tarte hori zeukan beretzako eta ezin zitzaion hurbildu ere egin. Hiztegia jartzen zuen mahaian, eta egunero-egunero bere ordu erditxoa hartzen zuen. Etxean beti ezagutu dugu.
Ondoren, gazte nintzela AEKn hasi nintzen eskolak ematen, eta han ezagutu nuen nire ustez inoizko gurutzegrama egilerik onena izan dena: Joxean Elosegi. Onena da, eta haren erritmoan sokari jarraitu nintzaion. Gogoan daukat Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakian, 1990eko abenduaren 6an, atera genuela lehendabizikoa. 31 urte dira.
Zein hitz joko mota sortzen duzu?
Denetarik.
Lehentasunik duzu?
Sortzeko kontrapasa deritzon jokoa gustuko dut. Berria-n astean bitan ateratzen dira halakoak. Zertan den joko hori? Bilatu behar da esaldi bat, pisutsua, esanguratsua. Esaldi horretatik atera behar dira zenbat a dagoen, zenbat b… Hizki guztiak. Behin hizkiak lortu ditugula, bakarrik hizki horiekin sortu behar dira hitzak. Aldi berean hitz bakoitzak zenbaki bat dauka. Gero eramaten da koadro batera zenbaki bakoitzari dagokion letra. Eta orduan ateratzen da esaldi hori. Hori da sortzeko garaian dudan gustukoena.
Baina osatzen duenarentzako, erabiltzailearentzako, arrakastatsuenak hitz gezidunak edo autodefinituak dira. Zergatik? Beharbada osatzailearentzako erosoena delako, ez duelako askorik irakurri behar, eta ez delako hitz gurutzatu edo gurutzegrametan bezala irakurri behar. Hitz gezidunetan dena duzu bertan, definizioa duzu eta bertan idazten duzu. Oso erosoa da. Gainera, hitz gezidun hori herri aldizkari batean publikatzekoa baldin bada, noski, agertuko den pertsonaia herri horretakoa izango da. Eta horrek engantxatu egiten du.
Herriz herri bertako pertsonaiekin egiten dituzula da hitz joko horien berezitasunetako bat.
Bai. Berria-n, adibidez, ezin dut hori egin, ikuspegi nazionalarekin egin behar dut. Orduan bakarrik larunbatean erabiltzen ditut pertsonaiak. Azken tarte luze honetan erabili ditut idazleak, eta orain etorriko dira Olinpiar Jokoetan parte hartuko dutenak, eta gero, ez dakit, artistak adibidez. Kasu honetan izan behar du oso orokorra, nazio ikuspegiarekin. Aldiz, herri aldizkarietan saiatzen naiz tokian tokiko toponimia, pertsonaiak, herriarekin zerikusia duten gaiak eta horrelakoak sartzen. Nolabait esklusiboak dira horrela.
Adibideak asko izan daitezke. Esaterako, gurutzegrama batean harria ateratzen baldin bada eta Berria-rako baldin bada, nik nahitaez jarri behar dut Euskaltzaindiak ematen duen definizioaren antzeko zerbait: Mea materia gogorra, ez malgua. Aldiz, Oarsoaldeko kasuan, oiartzuar baten azalean jartzen banaiz, harria Aiako Harriarekin lotuko dut beti. Eta orduan esango nuke: Bitxia baldin bada ere, gurean, Aiakoa da ezagunena.
Zer maite duzu gehiago, sortzea edo osatzea?
Sortzea, baina pentsatzen dut nire jokoak osatzen dituena ere aspertu egiten dela ez baldin bada herrikoa. Berria-ren kasuan, azken batean, nik egiten ditut, eta forma bertsua dute. Ez daude bi gurutzegrama berdin, baina definizioak emateko garaian herri edo eskualdetakoak gustatzen zaizkit. Joko handiagoa ere ematen dit sortzeko garaian, definizioak emateko garaian beste buelta batzuk ematen ahal dizkiot.
Zein izan liteke gurutzegrama bat ondo betetzeko gakoa?
Ez dakit zer erantzun. Herriz herrikoetan erraza da, zeren gurutzegrama bat baldin bada, gurutzegrama hori gaikakoa izango da. Demagun, herriko monumentuak dela gaia, eta gurutzegrama horretan lauzpabost jauregi sartzen ditudala. Jartzen baldin baldin badut Gure herriko kale nagusikoa eta XVII. mendeko eraikin barrokoa, eta azpeitiarra baldin bazara, badakizu zein den. Beste bizpahiru monumentu jartzen baldin badituzu, kasik egina duzu. Helburua ez da Luma-n bezala zortzi txapelketa egitea, helburua ez da bilatzea edo aurkitzea zein den iaioena osatzen, helburua osatu ahal izatea da, bestela, etsigarria da. Orduan, hori ere ez da erraza. Sortu behar dut ahalik eta errazen, mundu honetara inoiz ere hurbildu ez dena gure hizkuntzara hurbil dadin.
Kalitatea, maila eta euskara uztartu behar dituzu, beraz. Ez dirudi lan erraza denik
Beno, ohituta nago. Esaten dudan moduan batzuetan zaila egiten da erraz sortzea, jokoa erraz ematea. Osatzen duen pertsonaren ikuspegitik erraza izatea, egingarria eta ez inposiblea. Ez dadila izan hasi eta utzi. Hori ez da helburua.
‘Luma’ hitz gurutzatuen aldizkaria 2000. urtean jaio zen Joxean Elosegiren eta zure eskutik. Nola sortu zen?
Luma baino lehen egiten genituen jokoak Habe aldizkariarentzat, Aizu, Argia… Kontua da 2001ean diputazioak atera zuela publikazio bat aldizkari horien hitz joko guztiak bilduz, eta diru laguntza bat eman zien. Hori ikusi nuenean, hitzordua eskatu nuen eta kexu agertu nintzen kultur departamentuko buruarekin. Egileak gu ginela esan nion, eta orduan, guk ateratzen baldin bagenuen diru laguntza guretzako izango zela esan zigun. Horrela erabaki genuen.
2007an Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatzeari ekin zenion. Aurrekoaren harira sortu zen?
Bai. Hutsetik hasi ginen eta ez genekien zer harrera izango zuen Luma-k. Egia da hasierak oso zailak izan zirela. Beharbada ez ekonomikoki, bagenekielako diru laguntza jasoko genuela, baina ez genekien nola iritsi balizko hartzailearengana, ez baitzegoen inongo aurrekaririk. Kostatu zitzaigun, baina hirugarren edo laugarren urterako ikusi genuen bazegoela masa bat, masa txiki bat, baina bazegoela. 700 harpidedun lortu genituen, 700 eskas, eta kalean beste 600 bat ale saltzen genituen. Hilean gutxi gorabehera 1.250-1.300 ale ziren, eta ikusirik masa hori bazegoela eta jakinik beste herrialde batzuetan halako txapelketak egiten zituztela, Interneten eredu batzuk ikusi genituen eta esan genuen: ‘Saiatuko gara egiten’. Hala egin genuen lehendabiziko txapelketa 2007an, eta bertan agertu ziren 24 lagun Euskal Herriko bazter guztietatik iritsiak. Guretzako oso pozgarria izan zen ikustea Euskal Herri osoan bagenituela jarraitzaileak.
Euskal Herrian hitz gurutzatuen tradizioa dagoela esango zenuke?
Ez. Badakigu lehendabiziko sortzailea nor izan zen: Felipe Lizaso oriotarra. Gerran preso hartu zuten eta Burgosko [Espainia] kartzelan zegoela han hasi zen bertako euskal herritar presoentzako gurutzegramak prestatzen. Barne aldizkari bat sortu zuen eta presoen artean banatzen zuen. Euskaraz egindako lehendabiziko gurutzegramak 80 urte besterik ez ditu.
Euskararen aldeko hautu garbia izan da zuena. Zergatik?
Euskaraz ez zegoelako halako eskaintzarik. Gaztelaniaz edo erdaraz, hemen [Hendaia, Lapurdi] ere izugarria da zenbat aldizkari dagoen, baina denak dira frantses hutsean, eta Espainian ere asko dago. Euskaraz ez zegoen, eta gainera, gure hondar alea jarri nahi genuen kalean euskal produktu hau egon zedin. Kalean euskal produktuak galdu egin dira, kioskoetan zerbait ikustekotan Berria ikusten dugu. Guretzako garrantzitsua zen, produktu xumea izanda ere, ikusgarri egotea kalean. Lehia erreal batean nahi genuen sartu eta gure hondar alea jarri euskara bistaratzeko.
Pandemiaren eraginez, etxealdi aroan batez ere, denbora pasa jokoetara ‘itzuli’ den jendea omen dago. Hala dela uste al duzu?
Bai, baina uste dut ez dela bakarrik hitz jokoekin izan, baita puzzleak, mahai jokoak… ere. Badakigu hala izan dela.
Paperean egiten diren denbora pasek ba al dute konpetentziarik sareetako euskarrietan?
Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean. Saiakera bat egin genuen. Bizpahiru urtez eduki genuen webgune bat, baina zaila da. Onartu behar dut aplikazioa sortu zutenek ahalegin handia egin zutela, baina goizegi zen, edo ez dakit. Gainera, hitz jokoen edo gurutzegramen munduan uste dut erakargarria dela hori, aldizkaria poltsan edo bizkar zorroan sar dezakezulako eta nahi duzun aldiro atera. Ulertzen dut Egunean Behin-ek daukan arrakasta ikaragarria dela, baina gurutzegramekin ez dut argi ikusten. Formatu ezberdinak dira. Gure munduan, egia esan, paperezko formatua ikusten dut, baita etorkizunean ere.