Ibilgailu elektriko berriak, hiri mantenurako
Hiri mantenurako ibilgailu elektriko berriak aurkeztu ditu gaur goizean Errenteriako Udalak udaletxeko arkupetan. Lau ibilgailu berri dira eta eguneroko mantenu lanetarako erabiliko dituztela adierazi du Juan Carlos Merino alkateak. Errenteriako Udala...
Hiri mantenurako ibilgailu elektriko berriak aurkeztu ditu gaur goizean Errenteriako Udalak udaletxeko arkupetan. Lau ibilgailu berri dira eta eguneroko mantenu lanetarako erabiliko dituztela adierazi du Juan Carlos Merino alkateak.
Errenteriako Udalak ekipamenduak berritzeko urtero egin ohi duen planaren baitan aurkeztu ditu lau ibilgailu elektriko berriak.
Ibilgailu berri horiek egunean 100 kilometro egiteko prestatuta daude eta 50 kilometro orduko abiadura hartzeko prestatuta daude. “Herriak dituen beharretarako nahikoa”, azaldu du Merino alkateak.
Hiri mantenurako materiala gordetzeko udalak duen biltegian instalazio elektrikoa jarri du Errenteriako Udalak lau ibilgailu elektrikoentzat. Bertan, eguneroko lanerako beharrezkoa duten argindarra jasoko dute egunero ekipamendu berriek.
“Teknologia berrien aldeko apustua egin dugu. Elektrikoak dira eta kutsaduraren kontra lan egiteko baliagarriak izateaz gain, dirua aurreztuko dugu baita ere”, gaineratu du Merinok.
Errenteriako Udalak 80.000 euro gastatu ditu ibilgailu elektriko berri horietan. Ibilgailu zaharrak ordezkatuko dituzte ekipamendu berri horiekin.