Espainiako estatuko mizpira hazirik aspaldikoenak aurkitu zituen Arkeolanek Hondarribian, 2002 eta 2004 urte bitartean Panpinot kalean eta Lazabal lursailean eginiko indusketa lanetan. Hala eman du jakitera Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC). Guztira, 86 mizpira ale eta beste hainbat fruta eta fruitu idorren haziak agertu ziren, erdi aroko zabortegi batean guztiak. Beste sei irasagar ale ere azaldu ziren, gainera, alboko putzu beltz batean, horiek ere penintsulako zaharrenak.
Albistea orain ezagutu den arren, Arkeolanek Hondarribiko hirigune historikoan duela zortzi urte hasi eta bi urtez luzatu zen indusketa batean egin zuen aurkikuntza. Bitarte horretan, CSIC-eko zientzilariek materialak aztertu dituzte, eta aurkitutakoaren garrantzia baieztatu ahal izan dute. Ikerketako arduradun Leonor Peñak argitu duenez mizpira aleak Mespilus germanica aldakikoak dira, greziarrek eta erromatarrek Asiatik Europara ekarritako barietatekoak. Garai batean asko zabaldu bazen ere, beste fruitu arbola batzuk hartu izan dute haren lekua. Euskal Herrian, eta oso eremu gutxitan iraun du.
Mizpirondoaren fruitua garratza da, eta oso heldua dagoenean biltzen da, neguan, mamia usteltzen hasten zaion artean ez baitu gustu atseginik izaten. Hori dela eta, gaur egun barietate japoniarrak (Eriobotrya japonica) europarra ordezkatu du leku askotan, baina ez gurean. Nolabait, euskaldonok mizpirarekiko dugun atsekimendua aspaldikoa dela baieztatu du Arkeolanen aurkikuntzak. Zurginek mizpirakia maite dute aginte-makilak sortzeko, eta arbola hauek aipatzen dira erdi aroko hainbat agirietan, Lesakako araubidean, edota Bizkaiko Jaurerriko iturri juridikoetan, besteak beste.
Fruitu idorrak eta zerealak
Mizpira haziez gain, beste fruitu mota askoren aleak ere bazeuden leku berean: aranenak, gerezienak, melokotoienak, sagarrenak; mahatsenak, pikuenak, masustenak, mugurdienak, basaranenak, eta baita oliba gutxi batzurenak ere. Frutekin batera gari, olo eta garagar garauak, eta hainbat fruitu idor bildu zituen Arkeolanek Panpinot kaleko lanetan: hurrak, intxaurrak, gaztainak, pinaziak, eta ezkurrak. Eta arkeologi testuetan aipamen asko izan ohi ez dituen jaki baten pipitak ere azaldu ziren, hots, edankuiarenak -erromesaren kuia ere deitzen zaio, pelegrinek kalabaza hustu ondoren ura eramateko erabiltzen zutelako-.
Horrelako aurkikuntzek garrantzia handia dute gure arbasoen usadioak ezagutzeko. Baratzetan zer lantzen zuten, edota basoen kudeaketa nolakoa zen, horiek ere zehaztu daitezke indusketa arkeologikoetan agertutako hazien bitartez. Hala ere, gizakien eta animalien hezurrekin ez bezala, oso gutxitan ageri dira garai bateko elikagaien aztarrenak, ez behintzat, ikertzeko moduko egoeran.
Horrek ere egiten du berezia Hondarribiko aurkikuntza, agertutakoa «egoera ezin hobean» zegoelako, hondeaketa arduradun Pia Alkainek onartzen duen bezala: «oso baldintza bereziak behar dira materia organikoa ez hondatzeko». Izan ere, hezetasunak bere horretan iraunarazi ditu haziak, lohi artean eta batere oxigenorik gabeko ur saturatuetan.
Hondarribiko alde zaharrean egindako lanetako askok mendeetan zehar ezkutuan gorderik egon diren altxorrak agertarazi dituzte, eta ez beti esperotakoa. Sabino Arana kalean eraikitzen ari diren igogailuaren obretan, esaterako, hiriko babes hormaren zatiak agertu dira, 1794-95ean hiria frantsesen esku egon zen garaikoak. Azaldutako kokaerari esker jakin da Hondarribitik alde egin aurretik frantsesek lehertarazi egin zutela murrua. Gaurdaino dokumentatu gabe zegoen gertaera hura. Santa Maria ateaurreko zaharberritzea ere deskubrimendu itzela izan da kontu hauetan aditu ez denarentzat. XVI. mendeko monumento multzoa lurrazalera agertarazi zuten iaz eremu horretan egindako lanek. Eta Santa Mariako obren harira ur hodi bat aldatzera zihoazela, XVII. mendeko ehorztegi batekin egin zuten topo 2009ko ekainan, Zumardian, harresitik kanpo.