Udal Gobernu Taldea: «Gezurrak eta azpijokoak erabiltzen ditu OBk herritarrak nahasteko»
Udal Gobernu Taldeak oso larritzat jo ditu OiartzunBaik azken egunetan prentsa bidez egindako adierazpenak. Udal Gobernu Taldearen ustez, «beste behin ere, gezurren eta azpijokoen bidez herritarrak nahastu nahi izan dituzte» adierazpen horiekin. Horregatik, Oiartzungo Udal Taldeak OBko kideen jarrera salatu du eta neurriak hartuko dituela iragarri: «Lotsagabe hutsak dira. Beraien miseriak ezkutatzeko herritarrak nahastu nahi izan dituzte. Aurpegia behar da gero beraietako batzuen gehiegikeriak eta lege-hausteak estaltzeko gezurra eta azpijokoa erabiltzeko. Hori guztia, baina, ez da bere horretan geratuko. Udal Gobernu Taldeak neurriak hartu asmo ditu». Batetik, OBk Oiartzungo Udalak «zulo handia» duela esan duela gogorarazi du Gobernu Taldeak, baina ahaztu egin zaiela hori Martin Beramendi alkate ohiaren errua dela: «Zulo hori Gipuzkoako Foru Aldundian euren kide Martin Beramendik zenbait urtez zuzendutako departamentuak eragin du, neurri handi batean. Izan ere, 2008an eta 2009an, Aldundiak berak aldez aurretik finkatutako eta udaleiordaindu zizkien aportazioak murriztu egin zituen». Udal Gobernuaren esanetan, murrizketa horiek gauzatzeko, udalek Diputazioari dirua itzuli behar izan diete eta itzulketa horiek «oso kaltegarriak izan dira udal kontuetarako». Esaterako, Oiartzungo Udalari aportazioaren %22 itzultzeko eskatu zion Aldundiak 2009an (2010eko otsailean jakinarazi zion). Ondorioz, hasieran esandakoa baino 1.365.546 euro gutxiago jaso zituen Udalak. Egoera honen aurrean, Diputazioak udalen kontuetan itzulketek eragingo luketen [...]
Udal Gobernu Taldeak oso larritzat jo ditu OiartzunBaik azken egunetan prentsa bidez egindako adierazpenak. Udal Gobernu Taldearen ustez, «beste behin ere, gezurren eta azpijokoen bidez herritarrak nahastu nahi izan dituzte» adierazpen horiekin.
Horregatik, Oiartzungo Udal Taldeak OBko kideen jarrera salatu du eta neurriak hartuko dituela iragarri: «Lotsagabe hutsak dira. Beraien miseriak ezkutatzeko herritarrak nahastu nahi izan dituzte. Aurpegia behar da gero beraietako batzuen gehiegikeriak eta lege-hausteak estaltzeko gezurra eta azpijokoa erabiltzeko. Hori guztia, baina, ez da bere horretan geratuko. Udal Gobernu Taldeak neurriak hartu asmo ditu».
Batetik, OBk Oiartzungo Udalak «zulo handia» duela esan duela gogorarazi du Gobernu Taldeak, baina ahaztu egin zaiela hori Martin Beramendi alkate ohiaren errua dela: «Zulo hori Gipuzkoako Foru Aldundian euren kide Martin Beramendik zenbait urtez zuzendutako departamentuak eragin du, neurri handi batean. Izan ere, 2008an eta 2009an, Aldundiak berak aldez aurretik finkatutako eta udaleiordaindu zizkien aportazioak murriztu egin zituen».
Udal Gobernuaren esanetan, murrizketa horiek gauzatzeko, udalek Diputazioari dirua itzuli behar izan diete eta itzulketa horiek «oso kaltegarriak izan dira udal kontuetarako». Esaterako, Oiartzungo Udalari aportazioaren %22 itzultzeko eskatu zion Aldundiak 2009an (2010eko otsailean jakinarazi zion). Ondorioz, hasieran esandakoa baino 1.365.546 euro gutxiago jaso zituen Udalak.
Egoera honen aurrean, Diputazioak udalen kontuetan itzulketek eragingo luketen efektu negatiboa disimulatzeko modua eman zuela dio Gobernu Taldeak, mailegu fiktizio bat kontabilizatuz: «Hori egoera erreala ezkutatzeko trikimailu kontable bat besterik ez da». Hala ere, nabarmendu du, Oiartzungo Udalak itzulketa horien kalte errealak islatu dituela bere kontuetan, «aurrekontuan galera eta atzerapena jarrita, eta horregatik dira zenbaki batzuk negatiboak».
Ezker abertzelako hautetsien ustez, lotsa gutxi du OBk horrelako adierazpenak egiteko: «Euren taldeko Martin Beramendi alkate izan zenean 183.000 euro gastatu zituzten protokolo gastuetan bakarrik, eta kopuru hori justifikatu dute, normala dela esanez. Gero, besteei eskatzen diote dirua neurrian gastatzeko». Legegintzaldi honetan protokolo gastuetan eurek gastatukoaren herena gastatu dutela nabarmendu dute: «Lasai esan dezakegu Udalaren egoera ekonomikoa ona dela».
Krisi egoerara egokitzen
Egoera ekonomikoa ona izateko, «Udala azken urteetan saiakera berezia egiten ari da aurrekontuak, eta batez ere gastuak, krisi egoera gogorrari egokitzeko». Hori ondo dakite, Udal Gobernu Taldetik gogorarazi dutenez, Udalarekin harremana dutenek: ikastetxeek, elkarte eta taldeek, jai batzordeek, udaletxeko langileek… Udalak eskerrak eman dizkiete herriko elkarteei eta taldeei, murrizketen aurrean izan duten jarrera ulerkorragatik. Bestalde, kritikatu dute, badirudiela OB ez dela konturatu murrizketez.
Auzoetako proiektuak
Bestetik, OBk Altzibarko eta Arraguako urbanizazio lanak ez direla egingo esan duela gogorarazi dute Udal Gobernu Taldetik, baina hori ez dela horrela: «Lehenago, Arau Ordezkatzaileak ere ez zirela onartuko esan zuen, edota atez ateko bilketa desastrea izango zela. Orduan ez zuen asmatu, eta oraingoan ere oso nahastuta dabil OB. Altzibarko urbanizazioa legegintzaldia bukatu aurretik martxan egongo da, Arragua auzoaren biziberritzea dagoeneko martxan dagoen modu berean».
Atez ateko bilketa, merkeena
Hirugarrenik, atez ateko bilketa erabili du OBk oposizio egiteko. Udal Gobernuaren iritziz, hondakinen bilketaren kostua manipulatuz herritarrak bilketa sistema honen kontra jarri nahi dituzte: «Oiartzunek maiatzetik hona birziklapenean egin dituen aurrerapausoak nabarmendu eta baloratu beharrean, horrek oiartzuarron bizi-kalitatean dituen onurekin».
Kostua emateko orduan erabiltzen dituen zenbakiak ere, ez dira benetazkoak, Gobernu Taldearen esanetan: «OBk, maltzurki, ez du kontatzen orain (atez ateko bilketari esker) Oiartzunek zabortegira botatzen ez ditugun tona pilarengatik Udalak 300.000 euro aurreztuko dituela urtean eta atez ate bilduta jasotzen den ontzi arinak eta papera eta kartoiaren salmentarengatik 140.000 euro jasoko dituela». Hala, Udalaren datuen arabera, atez ateko bilketaren kostea 791.360 eurokoa da eta bosgarren edukiontziarena 806.315 eurokoa izango litzateke. «Argi dago atez atekoa, beraz, merkeena eta birziklapen maila altuena lortzen duena dela», azaldu du.
Parte-hartzea bermatzeko
Azkenik, aurtengo aurrekontuez mintzatu da Gobernu Taldea: «Oraindik ez daude itxita, hasierako onarpena eman baitio udalbatzarrak. Oraindik herritarren ekarpenak jasotzeko epearen barruan gaudelako, Udalak auzoz auzo bilerak egin ditu, oiartzuarren ekarpenak jaso ahal izateko». Era berean salatu du, 2011ko aurrekontuak prestatzeko Udalean egin dituzten bost bileretako bakar batean ere OBko kideek ez dutela egin ekarpenik edo proposamenik.
Udaletik gogorarazi dute dagoeneko sei auzotako bizilagunekin bildu direla eta Udala oso pozik dagoela izandako harrerarekin.
Orain, Altzibarko eta Elizaldeko bilerak falta zaizkie. Horregatik, auzotarrei bileretara agertzeko deia luzatzen diete. Gaur eta hilaren 25ean, asteartean, izango dira bilerak 19:30ean, Altzibarko eskoletan eta Manuel Lekuona Bibliotekan. Bilera guztiak bukatutakoan, balorazio osatuagoa egingo duela iragarri du Udal Gobernu Taldeak.