Ezker abertzalea: “Zergatik pagatu behar dugu bidesaria autopista erabili gabe?”
Oreretako ezker abertzaleak pasa den ostiraleko plenoan Oiartzungo bidesariaren gaineko mozioa aurkeztu zuen. Bertan, bigarren gerrikoa erabiltzen ez dutenek bidesaria ez ordaintzeko hainbat neurri proposatzen zituen, baina azkenean, atzera bota zuten....
Oreretako ezker abertzaleak pasa den ostiraleko plenoan Oiartzungo bidesariaren gaineko mozioa aurkeztu zuen. Bertan, bigarren gerrikoa erabiltzen ez dutenek bidesaria ez ordaintzeko hainbat neurri proposatzen zituen, baina azkenean, atzera bota zuten.
Ildo horretatik, Errenteria-Oreretako ekialdean bizi diren herritarrek (Lartzabal, Fanderia, Agustinak eta Gabierrota) autopista ez den errepide bat erabiltzeagatik ordaindu behar dutela salatu dute. Hainbat galdera ere bota ditu ezker abertzaleak: “Zergatik ordaindu behar dugu bidesaria autopista erabili gabe? Zergatik autopistaren alde horretako erabiltzaileek bidesaria ordaindu gabe erabil dezakete Oiartzun aurreko beste irteera batetik ateraz gero? Zergatik zeharkatu behar dugu herri guztia Donostiatik etortzean gure etxera ailegatzeko, dagoeneko autopista ez den errepide bat erabiltzen badugu?”.
Galdera horiek logikarik ez dutela iritzi dio, eta azpiegituretako arduradunen kudeaketa txarraren ondorio direla. Ezker abertzalearen arabera, PSE-EEk, EAJk eta Hamaikabatek herritarren interesen alde egingo zutela esan arren, “euren interesen alde soilik” egiten dute. Jarrera horrekin, “deskalifikatu eta mozorroa kendu” zaiela uste du.
Mozioa aurrera atera ez den arren, “errealitate soziala ekimenaren aldekoa” dela iritzi dio ezker abertzaleak.