Gaztañoko auzotarrak TAO ezartzeko aukera aztertzen ari dira
Aparkaleku arazoekin kezkaturik, Gaztañoko auzotarrak, irtenbide bila ari dira. “Udalak daraman aparkamendu politika da arazoa”, esan du auzo elkarteko kide den Rober Benitok. Gaztañon ez dago TAO sistemarik, Erdialdea bertatik bertara dago gainera, eta horren ondorioz, asko dira bertara aparkatzera joaten diren beste auzoetako herritarrak. Arazoa berria ez bada ere “okertzen ari da”, adierazi du Benitok, eta auzokoen asanblada egin ostean, TAO sistema ezartzearen alde azaldu dira hainbat bizilagun. Bizilagunen baldintzak Auzotarrek Udalarekin egindako asanbladan, TAO sistemaren gaineko negoziazio prozesua zabaltzea erabaki zuten. Izan ere, bizilagunek baldintza batzuk “adostu ditugu gure auzoan TAO jartzea onartuko badugu”, esan du Benitok. Batetik, auzo guztian jartzea nahi dute Gaztañokoek, “gure auzoa, unitate bat delako eta osotasunean hartzea nahi dugulako”. Bestetik, auzorako sarrera nagusia den topo pareko errepidean, ez dute TAO jartzea onartuko “beti eskatu izan dugulako, auzoko sarrera nagusia den hori zabaltzeko, eta gainera, bertan aparkatzea debekatuta dagoelako”, azaldu du auzo elkarteko kideak. Azkenik, TAO sistemaren ezarpena itzulgarria izatea eskatu dute auzotarrek. Hau da, epe jakin baten ostean, auzoak bizi dituen aparkaleku arazoak konponduko ez balira, TAO kendu ahal izatea. Hiru baldintza nagusi horiekin batera TAO ordaindu behar ez duten egoiliarren aukera sortzea aztertu nahi dute Udalarekin “nahiz eta badakigun herriko beste auzoetan [...]
Aparkaleku arazoekin kezkaturik, Gaztañoko auzotarrak, irtenbide bila ari dira. “Udalak daraman aparkamendu politika da arazoa”, esan du auzo elkarteko kide den Rober Benitok. Gaztañon ez dago TAO sistemarik, Erdialdea bertatik bertara dago gainera, eta horren ondorioz, asko dira bertara aparkatzera joaten diren beste auzoetako herritarrak. Arazoa berria ez bada ere “okertzen ari da”, adierazi du Benitok, eta auzokoen asanblada egin ostean, TAO sistema ezartzearen alde azaldu dira hainbat bizilagun.
Bizilagunen baldintzak
Auzotarrek Udalarekin egindako asanbladan, TAO sistemaren gaineko negoziazio prozesua zabaltzea erabaki zuten. Izan ere, bizilagunek baldintza batzuk “adostu ditugu gure auzoan TAO jartzea onartuko badugu”, esan du Benitok. Batetik, auzo guztian jartzea nahi dute Gaztañokoek, “gure auzoa, unitate bat delako eta osotasunean hartzea nahi dugulako”. Bestetik, auzorako sarrera nagusia den topo pareko errepidean, ez dute TAO jartzea onartuko “beti eskatu izan dugulako, auzoko sarrera nagusia den hori zabaltzeko, eta gainera, bertan aparkatzea debekatuta dagoelako”, azaldu du auzo elkarteko kideak.
Azkenik, TAO sistemaren ezarpena itzulgarria izatea eskatu dute auzotarrek. Hau da, epe jakin baten ostean, auzoak bizi dituen aparkaleku arazoak konponduko ez balira, TAO kendu ahal izatea.
Hiru baldintza nagusi horiekin batera TAO ordaindu behar ez duten egoiliarren aukera sortzea aztertu nahi dute Udalarekin “nahiz eta badakigun herriko beste auzoetan ez dela halakorik, ondoko herrietan erabiltzen dute sistema hori, Altamira auzoan kasu,eta gure herrian halakorik zergatik ez dagoen jakin nahi dugu”, gaineratu du Benitok.
TAO sistema ez da irtenbidea
Gaztañoko bizilagunek, ez dute uste TAO sistema irtenbidea denik, beraien aparkamendu arazoa konponduta ere “beste auzoren batean sortuko delako egun guk dugun arazo bera, baina bizi dugun egoerarekin ez dugu aukera askorik”, adierazi du auzo elkarteko kideak.
Horretaz gain, aparkatzeagatik ordaindu behar izateari ez dio justua iritzi Benitok, “nahikoa ordaintzen dugulako beste alde batzuetatik eta ez delako gure ustez irtenbidea”. Gaztañoko bizilagunak argi du “Udalak dirua atera nahi duela nola edo hala, eta hori ere horren erakusle da”, gaineratu du.
Auzotarrak trafiko arduradunarekin elkartzeko zain daude orain, gaiaren gaineko negoziazio prozesua hasteko udalarekin.
Lau urte bilera eskatzen
Benitok azaldu duenez, “lau urte daramagu trafiko zinegotziarekin bilera eskatzen, eta azken zinegotziak baino ez digu erantzun”. Hala ere, ez dute biltzeko datarik zehaztu eta “ez dugu espero maiatza baino lehen ezer izango dugunik”.
Udalarekin elkartu ondoren, bizilagunen asanblada egingo dute berriz ere “Udalaren erantzuna guztiei jakinarazteko eta berriro aztertzeko”. Orduan erabakiko dute auzotarrek TAO sistemaren alde egingo duten edo ez, “Baiezkoa emateko, baina, udalak, auzotarrok jarritako baldintzak onartu beharko ditu, bestela bizilagunek ez dugu sistema ezartzearen alde egingo”.
Egoiliar txartela %38 garestitu da aurten
Urtarrileko aldaparekin gastuak handitu ostean, zenbait bizilagun gerrikoa oraindik eta gehiago estutu beharrean izango dira, egoiliar txartela ere nabarmen garestitu baita iaztik, %38. Urtetik urtera garestitzen ari da tarifa: orain duela urte batzuk hamar euroren bueltan bazebilen, orain lau aldiz garestiagoa da, eta norbaitek egoiliar txartela egin nahi izanez gero 44 euro ordaindu behar ditu. Duela bi urte ere nabarmena izan zen igoera, 32 euroraino garestitu baitzen.
Igandera arte, berritzeko aukera
Oraindik ere egoiliar txartela berritu behar duenak, baina, horretarako aukera izango du igandera bitartean. Horretarako TAOren egoitzatik pasatu beharko du (Irun kaleko 8. zenbakian dago) interesa daukanak. Beharrezkoa izango da NAN txartela (orijinala edo fotokopia) aurkeztea eta baita zirkulazio baimena ere.
Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era dago irekita bulegoa. Larunbatetan ere irekita dago, baina goizez bakarrik 10:00etatik 13:00etara.