‘Nirekin euskaraz egin dezakezu’, Alcampon
Alcampo merkatalgunea, duela lauzpabost urte sartu zen Euskara Planean. Euskara batzordea ere badu, eta helburua elebitasuna lortzea da, bai bezeroekiko eta baita langileen artean ere. Hasieran, kartelak euskaratzen eta megafonia bidezko mezuak euskara...
Alcampo merkatalgunea, duela lauzpabost urte sartu zen Euskara Planean. Euskara batzordea ere badu, eta helburua elebitasuna lortzea da, bai bezeroekiko eta baita langileen artean ere. Hasieran, kartelak euskaratzen eta megafonia bidezko mezuak euskaraz ere ematen hasi ziren.
Duela bi urte, Nirekin euskaraz egin dezakezu afixak sortu eta kutxetan eta informazio gunean jarri zituzten. Baina ez zitzaien sistema operatiboa suertatu, langileak postuz aldatzen baitira. Iaz otu zitzaien, lelo bera erabili zezaketela, baina langileek soinean jarrita (egun izen-abizenen txartela duten bezala). Hala egin dute.
Bezeroen erantzuna ona izan dela nabarmendu du Olatz Amonarriz euskara batzordeko arduradunak. Eta argitu du euskararen normalizazioan pausoak ematen ari direla: «Pixkanaka ari gara, batzuetan baliabideak gogoak baino gutxiago baitira, baina borondatea badugu, eta jarraituko dugu lanean».
Hala, jakinarazi dute, iaz berreskuratu zituztela euskara eskolak eta aurten ere izango dituztela. Horiei eskerrak, agoeneko badaude euskaraz aritzeko lotsa galdu duten langile batzuk eta horiei ere txartela soinean jartzea litzateke helburua. Nirekin euskaraz poliki, edo antzekoa litzateke leloa. Euskararen normalizazioan urratsak egitea da asmoa, eta bezeroei eta langileei euren hizkuntzan aritzea bermatzea.